Albisteak

 

Hurrengo hilabeteetan Enplegu Plan bat garatzeko beste pauso bat eman du Elorrioko Udalak, behin Gobernu Batzordean onartuta. Aipatutako Planak Elorriok lan aukera eta baldintzak hobetzeko dituen potentzialitate eta ahulguneak identifikatuko ditu. Horretarako, lehenbizi herrian dagoen lana sektoreka aztertu eta dagoen langabezia modu erabilgarri batean sistematizatuko da.

“Gobernu talde honek apustu irmoa egiten du Elorrioko ongizatearen alde eta iraunkorra eta kalitatezkoa den lan sorreraren alde. Gure herriak daukan potentzialtasuna eta ezaugarriak ahalik eta modu zehatzenean ezagutu nahi dugu, eta, horretarako, Elorriorako espreski diseinatuko den estrategia bat behar dugu”, adierazi du Txus Arrieta Gizarte arloko arduradunak.

Erabakientzako helduleku ziurra

Enplegua sustatzeko baldintzen azterketa modu erabilgarri batean ekoiztu eta antolatuko da, ondoren emango diren erabakientzako helduleku ziurra izan dadin. Izan ere, aurrerago, sektoreka eta langabetu multzoak kontutan izanda, esku hartze konkretuak proposatuko dira.

Hiritik At izeneko berrikuntza sozialerako kooperatibak egingo ditu azterketa horiek. Elkarte honek, besteak beste, Oiartzungo Merkataritza Txikiaren diagnostiko eta ekintza plana edota Beterri eskualdeko nekazal sektorea berrikuntza sozialaren bitartez sustatzeko prozesu parte hartzailea burutu ditu.