Albisteak

 

2018 urterako aurreikusten dituen proiektu garrantzitsuenak elorriarrekin partekatu nahi ditu Elorrioko Udaleko gobernu taldeak. Horretarako, eta herritarren iritzi eta proposamenak entzuteko, bilera ireki bat antolatu du ostegun honetarako, 18:30ean, udaletxean. Udalaren asmoa da 2018rako Aurrekontuen zirriborroa aurkeztea eta bertan egin daitezkeen aldaketak elorriarrekin partekatzea.

“Hurrengo urteari begira, Elorrio hobetuko duten proiektuak ditugu esku artean. Hala ere, proiektu handiez gain, proiektu txikiak ditugu, beren txikitasun horretan herritarrentzat itzelak izan daitezkeenak.  Beste behin ere, proiektu horiek herritarrei helarazi nahi dizkiegu, beraiek beren ekarpenak egiteko. Urte guztian saiatzen gara elorriarrekin harreman zuzena izaten, guretzat komunikazio hori funtsezkoa baita. Ostegunekoa beste pauso bat izango da”, adierazi du Idoia Buruaga alkateak.

Bilera horretan aurten gazteekin egindako Aurrekontu Partehartzaileen emaitzak azaldu eta udalaren egoera ekonomikoaren berri ere emango da.