Albisteak

 

Igande honetan, azaroaren 12an, ‘Elorrioko Udala Saria Nazioarteko Ziklokrossa Basqueland’ ziklokross txapelketaren 42. edizioa ospatuko da Elorrion (Bizkaia). Aurten, gainera, berritasunak dakartza lasterketak, C-1 kategoria izango baitu, Estatu espainiarrean dagoen mailarik altuena. Euskal Herriko zein naziorteko 500 txirrindularik parte hartuko dute frogan, maila goren-goreneko txirrindulariak, tartean.

2.950 metroko ibilbidearen baitan, aldamioez eraikitako 26 metrotako piramidea izango da oztoporik nabarmenena. Horrez gain, jaitsieran egongo den 45 metro luzeerako hondar-gunea gainditu beharko dute txirrindulariek, besteak beste. “Egunotan egindako eguraldiak espektakuluari lagunduko dio, lokaztuta egongo delako”, azaldu du Joseba Gorostiza Elorrioko Txirrindulari Elkarteko ordezkariak.

Sari berbera emakume eta gizonentzat
Iazko bideari jarraituz, antolatzaileek emakumezkoen lasterketa indartu nahi izan dute, eta “munduko emakume txirrindularirik onenetarikoak” Elorrion izango direla ziurtatu dute. Besteak beste, Helen Wyman ingelesa, Herbereetako Celyne del Carmen Alvarado eta Manon Bakker gazteak edota prentsaurrekoan parte hartu duen Natalie Edmon izango dira emakumeen lasterketa irabazteko faboritoak. “Gehienak munduko ranking-eko lehen 20 postuetan daude”, adierazi du Gorostizak.

Bere aldetik, Idoia Buruaga Elorrioko alkateak eta Dani Palacios kirol arloko zinegotziak emakumeen lasterketa indartzeko egindako ahalegina nabarmendu dute: “Urteak dira Elorrioko Txirrindulari Elkarteak norabide horretan lanean diharduela, eta guri lan hori eskertzea besterik ez zaigu geratzen”. Zentzu horretan, emakumezkoen eta gizonezkoen lasterketetako irabazleentzat sari ekonomiko berberak emango dituztela jakinarazi dute.

9:00etatik aurrera
Gizonezko lasterketan, Felipe Ors valentziarra, Aitor Hernández, Javier Ruiz de Larrinaga eta Abadiñoko Jon Munitxa euskaldunak eta Kaliforniako Andrew Giuliani lehiatuko dira, besteak beste.

Lasterketak 9:00etan hasiko dira Masters 40, 50 eta 60 txapelketekin. Emakumezkoena 12:00etan abiatuko da, eta, azkenik, nazioarteko Elite eta 23 urte azpikoena 14:00etan hasiko da. Lasterketa guztiak streaming bidez ikusi ahalko dira, www.rfec.com webgunean.