Albisteak

 

Elorrioko Udalak ‘Elorrio Zabaltzen’ mugikorrerako app berria jarri du herritarren eskura. Aplikazio honen bitartez, Kalezaindu erreminta erabil daiteke eskuko telefonotik. Kalezaindu baliatuz, udalerrian matxura edota kalteren bat antzeman duten pertsonek zuzenean bidal dezakete oharra Udalera, telefonoa erabilita. App-ak duen geolokalizazioak gertakarien gunea kokatzen du, eta gertatutakoaren azalpen labur batekin edota argazki batekin bidaltzen da. Ondoren, Udalak gertakari horren bilakaeraren berri emango du, erabat konpondu arte.

Herritarren aurrean eginiko aurkezpenean, Idoia Buruaga alkateak “herritarren eta Udalaren arteko komunikazio-bideak indartzeko eginiko apustua” nabarmendu du: “Elorrio hobeago baten alde egiteko bide berriak eskaini nahi dizkiegu herritarrei. Duela urtebete udalaren webgunea berritu genuen, eta hau beste pauso bat da. Azken finean, amestutako Elorrio eraikitzeko bidean komunikazio kanal berriak jartzea ezinbestekoa da”.

Gainera, udal oharrak hala nahi duten pertsona guztiengana helduko dira orain, mugikorretarako Elorrio Zabaltzen app-aren bitartez. Sinplea izango da: app-a zure mugikorrera jaitsita, Elorrioko Udalaren ohar guztiak jasotzen hasiko zara, hainbat gairi buruz: errepide-etenak, autobus-zerbitzuetako aldaketak, edota kultur, kirol zein jaietako gaiak.

Elorrio Zabaltzen, herritarren parte-hartzea
Elorrio Zabaltzen egitasmoak gobernu irekiko webgune bat ere badu: zabaltzen.elorrio.eus. Bertan, parte-hartzearen eta gardentasunaren inguruko azken berritasunak ikus daitezke, eta gertakariak bidal daitezke webgunearen bitartez.
 
Elorrio Zabaltzen webgunean, gardentasun atala dago, eta, bertan, udal kudeaketako daturik garrantzitsuenak argitaratuko ditu Udalak: aurrekontuak, udalaren osaera eta udal zerbitzuen gutunak, besteak beste.
 
Gainera, Elorrio Zabaltzen plataformaren barruan Kalezaindu atala aurki daiteke; hiri-altzarietan izan daitezkeen gorabeheren eta hondatuta dauden, funtzionatzen ez duten edo hobetu daitezkeen beste elementu publiko batzuen berri emateko tresna da, web bertsioan. Atal honek bistaratze-mapa dakar, Elorrion aztertze bidean edo konponduta dauden Kalezainduko gertakari guztiak ikusi, edo horien jarraipena egin ahal izateko.

Elorrio Zabaltzen telefonorako app-a
Elorrio Zabaltzen mugikorrerako app-a Android eta iPhone sistemetarako dago eskuragarri. Bertan, herriko azken albisteak irakur daitezke –Udalaren webgunean argitaratzen direnak, hain zuzen ere-, Kalezaindu erreminta eskuratu daiteke, eta, irailetik aurrera, oharrak ere jaso ahalko dira, unean bertan.