Albisteak

 

Elorrion dauden elkarte guztiak ezagutarazi eta beraien lana balioan jarri asmoz, Elorrioko Udalak ‘Elkarteen Gida’ kaleratu berri du ‘SENTITU, GOZATU, PARTE HARTU ETA BIZI ELORRIO’ izenpean. 50 orri inguruko liburuxkan elkarte bakoitzak bere historia, ezaugarriak, herriari eskaintzen dion zerbitzua zein kontaktua helarazteko aukera izan du.

Neurri hau gobernu taldeak legegintzaldi honetarako daukan Gobernu Planaren baitan kokatzen da, herriko elkarteen lana balioan jartzeko helburuarekin. “Kanpotik datozenek beti nabarmentzen dute Elorrion dagoen elkarte-sarea, eta egia da, Elorrion dauden elkarte eta eragile ugariek harro sentiarazten gaituzte. Udaletik eragile horiekin ahalik eta harreman estuena izaten saiatzen gara, eta gida hau beste pauso bat da. Egiten duten lan guztia balioan jarri nahi dugu”, adierazi du Idoia Buruaga alkateak.

Ikastaroen Gida

Gida hau herriko etxe guztietara buzoneatu da irailean, ikasturte berriarekin batera. Modu horretan, elkarteen eskaintzaren batean interesa duen edonork kurtso hasieran elkarte horietara bat egitea erraztu nahi izan du udalak.

Elkarteekin batera kaleratutako gidaz gain, ‘Ikastaroen Gida’ aurkeztu du udalak. Bertan, udalak propio eskaintzen dituen ikastaroez gain, herriko elkarteek eskaintzen dituztenak bildu dira. Guztira, era eta adin tarte guztietarako espreski antolatutako 35 ikastaro ezberdin biltzen dira, besteak beste, Altzarien Zaharberritzea, Funky eta Gorputz Adierazpena, Argazkilaritza edota Alzheimerra eta beste Dementzia batzuen Zaintza.