Albisteak

 

Irailaren 1ean hasi eta 10era arte luzatu diren Ferixa Nausikoen arrakasta nabarmendu du Elorrioko Udalak. Iazko bideari jarraituz, jai giroa herriko beste leku batzuetara eraman eta ekitaldi ibiltari gehiago antolatzeko helburua izan dute antolatzaileek, “eta hein batean lortzen goaz”, azaldu dute arduradunek. “Beti dago zer hobetu, eta hurrengo urtean ere jaien hainbat alderdi hobetzen saiatuko gara, baina uste dugu geroz eta jai herrikoi, alaiago eta parekideagoak izateko norabide onean goazela”, nabarmendu du Idoia Buruaga alkateak.

Ekitaldirik jendetsuenak, beti bezala, lehen igandeko azoka eta Berazarren egiten diren Koadrillen Eguneko eta Sukalki Eguneko bazkariak izan dira.

Lehen igandeko azokan, eguraldiak lagun, kaleetan izandako giro paregabea nabarmendu dute udal ordezkariek. Koadrillen Egunean 1.500 pertsona bildu ziren, eta Sukalki Egunean 71 talde ezberdinek eman zuten izena txapelketan. Bigarren larunbateko eguraldi eskasak ez zuen asko lagundu, dena den, 20 koadrilek karroza ezberdinez bete zuten plaza ingurua.

Bigarren ostiralean, egunik lasaiena izan ohi dena, Txosna Batzordeak antolatutako Ken Zazpiren kontzertuaren arrakasta nabarmendu du Idoia Buruaga alkateak: “Udaletik ere eskerrak eman nahi dizkiegu Txosna Batzordeari eta elkarte ezberdinei publiko askorentzat antolatzen dituzten ekintzez gain, ekitaldi txiki ezberdinak antolatzearren. Ferixa Nausikoak ez lirateke ezer izango haiek gabe”.

Ferixa Nausikoak (bir)planteatzen

Udaberrian zehar martxan jarritako ‘Ferixa Nausikoak (bir)planteatzen’ dinamikatik irtendako Koadrilen arteko Olinpiadak modu positiboan baloratu ditu udalak. Gainera, aurten Umeen Danborrada berreskuratu da eta 50 ume ingururen partehartzea nabarmendu dute.

Eraso sexistei dagokienez, momentuz Elorrioko udalera ez da erasoren berririk heldu. Berdintasun sailetik aipatu dute 24 orduz eskuragarri zegoen telefonoan deirik egon ez dela eta Udaltzaingoak ere ez duela inolako salaketarik jaso. Era berean, parekidetasun arloan egindako ekintzen balorazio positiboa egin dute.

Bizikidetza eta jasangarritasuna

Elkarbizitzarako hainbat neurri hartu dira aurten ere. Gazteen artean egindako botelloiaren prebentzio programa ibiltarian 1.012 gazterengana jo dute jaietako bi larunbatetan. Gehienak 15 eta 17 urte bitartekoak izan dira. “Urrun geratzen zitzaigula uste bagenuen ere, botelloiaren eragina Elorriora ere heldu da. Adin tarte horretarako eskaintzak landu beharko ditugu”, azaldu du alkateak.

Bukatzeko, jasangarritasunari begira, lehen aldiz birziklatzeko ontzi ezberdinak jarri dira Berazarren Durangaldeko Mankomunazgoarekin elkarlanean, eta mahaiz mahi ingurua garbi mantendu eta birziklatzera animatzeko zabor poltsak eta ohar bat utzi da. Hurrengo urterako ere bide horretan sakonduko dutela jakinarazi dute udal ordezkariek.