Albisteak

 

2017ko Aurrekontuetan aurreikusitako obra garrantzitsuenak burutuko direla nabarmendu dute udal ordezkariek.

Herriko toki ezberdinetan hirigintza obrak hasi ditu Elorrioko udalak. Besteak beste, Belengua kalea urbanizatu, Ibarrako espaloiak aldatu, Arriola antzokiko teilatua konpondu eta kiroldegiko frontoiaren kanpoaldean aldagelak eta bulegoa eraikiko ditu datozen aste eta hilabeteetan. Modu horretan, 2017ko Aurrekontuetan proiektu garrantzitsuenak ziren lanak martxan jarri dira egunotan. “Badakigu herrian badaudela hobekuntzak behar dituzten beste hainbat gune, baina aspalditik erantzun gabe zeuden herritarren hainbat eskaera errealitate bihurtuko ditugu orain. Izan ere, Elorrio irisgarriago bat eraiki nahi dugu, eta Belenguako eta Ibarrako lanak helburu horrekin planifikatu ditugu”, azaldu du Idoia Buruaga alkateak.
Belengua kaleko obrak urte luzeetan gauzatzeko asmoa izan bada ere, orain arte blokeatuta egon dira arrazoi ezberdinengatik. Urte bukaerara bitartean, kalea oinezkoentzako irisgarriago bihurtzeko lanak egingo dituzte. Obrek 396.763 euroko aurrekontua izango dute.
Ibarra auzoan ere bertako espaloia berriztuko da. 124.599 euroko aurrekontuarekin, Ibarrako zubi berritik ‘Txoko’ tabernara arte dihoan espaloia berrituko du udalak. Obrek bi hilabeteko iraupena izatea aurreikusten dute udal arduradunek.

Kiroldegiko frontoia

Aurreko lanez gain, kiroldegiko frontoiaren atzealdean eraikin gehigarri bat eraikiko da frontoiko erabiltzaileentzako aldagela eta komunekin zein kirol taldeentzako bulego batekin. Modu horretan, Udaleko Kirol Sailak irtenbidea eman nahi dio bertako kirol taldeek aspaldian egindako eskaerari. Horrez gain, urtean zehar asteburuetan egiten diren hainbat ekitaldietako (Gabonetako Umeen Parkea, erakusketa Mikologikoa, …) erabiltzaileek zein pilota partiduetako ikusleek bertako komunak erabiltzeko aukera izango dute Horrez gain, kanpoaldean bizikletak garbitzeko espazioa zein tresneria jarriko da erabilgarri. Lan hauetarako 129.591 euro inbertituko dituzte.

Arriolako teilatua

Arriola antzokiko eraikineko teilatuari dagokionez, udal teknikarien balorazioari jarraituz, egoera “oso kaxkarrean” dagoen teilatua konponduko da. “Urte luzeetan inork ez dio erreparatu teilatuari, eta benetako arrisku egoeran zegoen”, gaineratu du Buruagak. Hori dela eta, 116.173 euroko inbertsioa egingo da eraikinaren segurtasuna bermatu asmoz.
Teilatua ez ezik, fatxadan konponketa batzuk eta eszenatokiko argiteria konponduko da. “Askotan ez gara konturatzen, baina Arriola moduko elkarte hain bizi eta dinamiko bat Elorrion izatea altxor bat da”, adierazi du Buruagak. 

Hurrengo aste zein hilabeteetan herriko hainbat gunetan lanean ariko direla eta, sortu daitezkeen eragozpenak udaletxean notifikatzeko eskatu diete udal ordezkariek.