Albisteak

 

“Gogoz hartuz gero, gauza asko egin daitezke Jubilatuen tabernan”

Maite Arginzoniz elorriarrak kudeatuko du Berazarko jubilatuen taberna. Izan ere, Elorrioko udalak berau kudeatzeko lehiaketa zabaldu zuen duela bi hilabete. Aurrerantzean, “adin ezberdinetako jendea elkartzeko lekua” izatea espero du Arginzonizek.

  • Zerk bultzatu zintuen taberna kudeatzeko lehiaketara aurkeztera?

Batez ere, terraza ipintzeko aukerak bultzatu nindun nire burua aurkeztera. Berazako parkeak ematen dituen aukerak herritarrek aprobetzatzea nahiko nuke. Helburua da parke eder honi bizitasuna ematea.

  • Zer moduko aukera iruditzen zaizue? Zer nolako itxaropena daukazue?

Aukera oso ona deritzot. Gogoz hartuz gero, gauza asko egin daitezke tabernan bertan. Gustatuko litzaiguke jendeak ohitura hartu dezala Berazarko frontoian kirola egin edota umeekin parkeaz eta txintxaunetaz gozatzeko.

  • Adineko pertsonez gain, beste publiko batengana hurbildu nahi zarete? Ze asmo dituzue?

Adin desberdinetako jendea elkartzeko leku bat egotea oso aberasgarria deritzot,. Orain arte, jubilatuak bakarrik sartzen ziren taberna honetara, eta uste dut jende gazteak ere nagusien esperientzia eta bizipenak entzun ditzakeela. Esaterako, asteartean, inaugurazio egunean, oso polita izan zan jende nagusia eta gaztea elkar berbetan ikustea.

Gainera, denboragaz terrazan gauza ezberdinak antolatzeko asmoa daukagu, antzerkiak, musika, dantzaldiak, bertsolariak, … betiere jubilatuen zuzendaritzaren oniritziarekin, noski. Hasteko, herriko margolarien kuadroen erakusketa bat jarri dugu, eta aurrerantzean ere horiek berritzen jarraitzeko asmoa daukagu

  • Orain jaiak datozkizue, eta aukera ona daukazue elorriarrei espazio hori aurkezteko. Zerbait berezia pentsatu duzue?

Jaixek pixkat hasi barri harrapau gaituzte eta ez dogu ezer berezirik antolatu. Ferixa Egunian, Koadrila Egunian eta Sukalki egunean gosariak eta Basatxerriko pintxoak emango ditugu.

Jaien ostean, gainera, goizetan zabaltzen hasiko gara gosariak emoteko.