Albisteak

 

Ferixa Nausikoak ate joka daude dagoeneko, elorriarrei oporretako itzulera atseginago bat eskaini asmoz. Izan ere, irailaren 2tik 10era bitartean Elorrioko kaleak alaitasunez eta dozenaka ekitaldiz beteko dira. Aurten, gainera, jaien zenbait alderdi birplanteatu eta hainbat berritasun izango dira, udaberri eta uda tartean izandako prozesu partehartzailearen ondorioz.

“Jai euskaldunak, anitzak, partehartzaileak, alkoholean oinarritzen ez diren ekintzekin, jasangarriak, bertokoak eta parekideak nahi ditugula nabarmendu da prozesuan. Ez da erronka makala, baina dagoeneko norabide horretan bidea hasi dugu eta jai egitarauan lan mardula egin dugu herriko elkarte eta herritarrekin batera”, azaldu du Idoia Buruaga alkateak.

Aurten, Elorrioko Buskantza FKE areto futboleko jokalariek jaurtiko dute txupina. Izan ere, urte luzeetako lanaren ondorioz, berau osatzen duten taldeek emaitza bikainak lortu dituzte, eta horren adibide da gizonezkoen lehen taldeak hurrengo urtean 2. B mailan jokatuko duela. Jaietako kartelari dagokionez, Maialen Arregik aurkeztutako lanak irabazi du lehiaketa. Arregi pozik agertu da epaimahaiaren eta herritarren erabakiarekin, eta bere lanak “jaien aniztasuna” isladatu nahi duela adierazi du: “’Txantxibiri’ abestiak dio atsoak astoaren gainean dihoazela, eta kartelean edozein pertsona jaietako ‘astora’ igo daitekeela irudikatu nahi izan dut”.

Olinpiadak, berritasun nagusia

Irailaren 2an jaurtiko dute Elorrioko Buskantza taldekoek txupina. Hala ere, ostiralerako herria jai giroan murgilduta egongo da, izan ere, Aukeren Azokaz gain, Gazte Eguna ospatuko da. Gazteenek, besteak beste, bazkaria, txosnen irekiera eta kontzertuak izango dituzte egun guztian zehar. Gainera, aurten berritasun bat izango da, izan ere, aurrez aipatutako ‘Ferixa Nausikoak (bir)planteatzen’ prozesuaren emaitzetatik, ‘Kuadrillen arteko Olinpiadak’ antolatu dituzte.

Jaien egitarauan banatutako bederatzi froga ezberdinez osatuko dira Olinpiadak, eta, horretarako, gutxienez sei pertsonako taldeak antolatu beharko dituzte koadrilla ezberdinek. Patata tortila txapelketa, asteleheneko jolasak, playback-a zein mozorro lehiaketa izango dira frogetako batzuk. 16 urtetik gorako gazteek parte hartu ahal izango dute, eta izena emateko azken eguna abuztuaren 28a izango da, udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ).

Iazko bideari jarraiki, aipatutako Olinpiadez gain, kale ekitaldi ibiltari gehiago eskaintzeko ahalegina egin du Jai Batzordeak. Izan ere, musika eta antzerkia plaza ingurutik herriko beste gune batzuetara zabaltzeko asmoa dutela adierazi dute udal ordezkariek.

Jai parekideen aldeko lanketa

Jaiak parekidetasunean oinarritzeko deia egin die Buruaga alkateak elorriarrei eta kanpotik datozenei: “udaletik gogor ari gara lanean jaiak berdintasunean eta guztion arteko errespetuan oinarritu daitezen, beraz ez ditugu ez jarrera ezta eraso sexistarik onartuko”.

Zentzu horretan, lanketa berezia egin dute udaletik. Irailaren 1ean, esaterako, ‘Indarkeria matxista saihesteko informazio gunea’ atonduko dute plazan 18:00etik 21:00era bitartean. Gainera, eraso sexisten kontrako jarrera aktiboa bultzatzeko txapak eta kartelak banatuko dituzte, eta jai-egitarauan gomendio ezberdinak azalduko dituzte. Bukatzeko, erasoen aurkako protokoloaz gain, 24 orduz eskuragarri izango den telefono zenbakia jarri dute herritar guztien eskura.