Albisteak

 

Atzera begiratu eta bertan dira mendi ibilbide eta hondartzaz gozatzeko egunak, bidaiak, lo-kuluxka luzeak… Gehienontzat joan dira edo bukatzear daude oporrak, baina Elorrixon, uda bukatu aurretik Ferixa Nausikoez disfrutatzeko aukera dugu. Beraz, ohiko jarduera alde batera utzi eta herritar guztiok murgil gaitezen jaixetan egitarau aparta dugu eta!!

Urtero lez, Jai batzordeak aukeratu du aurtengoan pregoia nork emango duen: Elorrioko Buskantza FKE taldeak. Talde apala, langilea eta urteetan etsi ez duena. Kirolaren balioak eguneroko bizitzara eraman behar direla erakusten diguna.

Aurten, Elorrixon zein jai eredu nahi dugun aztertzeko lana burutu dugu. Jai euskaldunak, anitzak, parte hartzaileak, alkoholean oinarritzen ez diren ekintzekin, jasangarriak, bertokoak eta parekideak nahi ditugula nabarmendu zen. Ez da erronka makala, baina dagoeneko norabide horretan bidea hasia dugu eta jai egitarauan lan mardula egin dute Kultura saileko zinegotzi eta udal langileek, herriko elkarte, Arriolak eta herritarrek. Denon arteko elkarlanak emaitza ezin hobeak emango dituenaren zalantzarik ez dut. Zorionak egindako lanagatik!! Orain herritarroi dagokigu parte hartzea. Herritarren partaidetzarik gabe ez dagoelako jairik.

Hasiera baino ez da, lan ederra dugu eta denon esku dago lehen aipatutako jaixak bizi ahal izatea. Jaixak gozatzeko dira, aske bizitzeko, baina errespetuz egitera animatzen zaituztet. Ez ahaztu: EZ, EZ da. Ez dugu horrelakorik onartuko. Edozein erasoren aurrean, gauden lekuan gaudela, gure gaitzespena adieraziko dugu.

Amaitu baino lehen, ezin ahaztu gure artean ez daudenak: Gure bihotzetan zaudete.

Urteak aurrera doaz eta gauza asko aldatu diren arren, ezin ahaztu elorriar batzuk urrunegi jarraitzen dutela. Gure artean nahi zaituztegu.

Jai zoriontsuak opa dizkizuet. Kalean elkar ikusiko dugu.

Gora Ferixa Nausikoak!!
Besarkada bana,

Idoia Buruaga Barcena