Albisteak

 

Elorrioko Udalak herrigunean gune estrategikoa den Errebonbilo kalea berrantolatzeko prozesuari ekin dio, eta prozesu hori herritarren eta bertako merkatari zein ostalarien ekarpenekin osatuko du hasiera batetik. Izan ere, dagoeneko, proiektu teknikoa gauzatzeko esleipena egin du, eta datozen egunetan partehartze prozesu bat martxan jarriko du.

“Errebonbilo kaleak izugarrizko garrantzia dauka Elorrioko kaleen egitura ulertzeko, konexio oso erabilia baita. Gainera, kasko historikoaren eta herriko beheko gunearen lotura lanak egiten ditu, Herriko beste leku batzuetan egiten ari garen bezala, Elorrio irisgarri bat landu nahi dugu, oinezkoak lehentasuna izango duena. Hala ere, horretarako gauzak ondo pentsatu eta egin behar ditugu, izan ere, proiektu hau Tolotoko errekaren berbideraketarekin eta Ugarte-Montorra sahiesbidearekin lotuta joango da”, adierazi du Idoia Buruaga alkateak.

Proiektu teknikoa 2017an bukatzeko asmoa daukate udal ordezkariek, izan ere, kalea egoera desegoki batean dagoela nabarmendu du Xabier Dominguez Hirigintza arloko zinegotziak.

Hiru mugarri partehartze prozesurako

Proiektuaren baitan, prozesu parte hartzaileak hiru mugarri izango ditu ardatz:

Lehenengo mugarrian, landa-lana burutuko da, hiritarrei kalean elkarrizketak eginez, eta tokia behatuz. Analisi hau irekia eta publikoa izango den tailer batekin osatuko da, tokian beharrezkoak diren gauzen zerrenda osotzeko. Zerrenda, edo “programa” horrek talde idazleari lan egiteko oinarria emango dio.

Tailerra hurrengo uztailaren 5ean burutuko da, arratsaldeko 18:00etan, udaletxean.

Bigarren mugarriari dagokionez, uda pasa eta gero egingo da. Hurrengo astean egingo den beharren programa hori oinarri hartuta, proposamen bat egingo du Talde idazleak. Tailer publiko eta ireki batean, proposamenaren azalpena burutuko da, eta hiritarrek beraien iritzia azaldu ahalko dute, proposamena baloratuz.

Hirugarren mugarrian, berriz, proiektu teknikoaren behin-betiko proposamena aurkeztuko da herritarren aurrean. Modu horretan, prozesuan parte hartu dutenei beraien esfortzua itzuliko zaie, egindako lana aitortuz, eta egindako ekarpenak proiektuan txertatu diren edo ez azalduz eta arrazoituz.