Albisteak

 

Bizkaiko Gurutze Gorriak lokal propioa izango du uztailera arte Elorrion, duela gutxira arte udaleko gizarte langilea zegoen bulegoan, Udaltzaingoetan. Elorrioko Udalak eta Bizkaiko Gurutze Gorriak sinatutako akordioaren bitartez, herrian zenbait gizarte proiektu garatu ahalko diren aztertuko dute datozen hilabeteetan.

Hasiera batean, Bizkaiko Gurutze Gorriak pertsona nagusientzat eta etorkin zein errefuxiatuentzat zuzenduriko bi ekimen sozial jarriko ditu martxan.

Pertsona nagusientzako programak herritarren bolondres bidezko konpainia zerbitzua sustatuko du. Horrez gain, teleasistentzia zerbitzua eskainiko da eta bestalde, zahartze aktiboarekin zerikusia duten Teknologia Berrien tailerrak eta aisi jarduerak ere martxan jarriko dira.

Etorkin zein errefuxiatuentzako programari dagokionez, ‘Hizkuntza Bikoteen’ bitartez hizkuntza boluntariotza programa bultzatuko da. Modu horretan, aisi ekintzekin eta hitzaldiekin kulturaniztasuna sustatu eta harrera erraztea da helburua. Honetaz gain aholkularitza juridikoa ere eskainiko zaie premia hori  duten herritarrei.

Ekimenak ezagutarazteko asmoa
 “Elorrion, zorionez, bolondres lan egiten duten elkarte zoragarriak ditugu, Kainabera edota Caritas esaterako. Hala ere, babes gutxiko egoeran dauden pertsonak lagundu ditzaketen ekimenak izatea eskertzekoa da beti, beraz guztiz txalotzekoa da Gurutze Gorriak aldez aurretik daukan jarrera”, adierazi du Idoia Buruaga alkateak.

Javier Zarraga Bizkaiko Gurutze Gorriko presidentearen aburuz, “Gurutze Gorriaren helburua da gure beharra duten pertsonen alboan izatea, beraz espero dugu elorrriarren bizi-kalitatea hobetzen saiatzea. Helburu horretarako, Udalaren bulego hau izatea beharrezkoa izango zaigu”.

Oraindik eta uztailera bitartean, beraz, Gurutze Gorriak proposaturiko gizarte-ekimenak elorriarren artean ezagutarazi eta benetako eskaera dagoen jakiteko baliatuko du.