Albisteak

 

Elorrioko 12 urtetik 20ra arteko nerabe eta gazteek herria nola ikusten duten jakin eta horiek ahaldundu asmoz, parte hartze prozesu bat martxan jarriko du Elorrioko Udalak. Horregatik, Aste Santua baino lehen, herriko nerabe zein gazteekin batera prozesua abian jarriko du gobernu taldeak. Helburua argia da: ikasturtea bukatu aurretik diagnostikoa eginda izatea eta urte bukaerarako ekintza plana osatzea. Modu horretan, hurrengo urteko Aurrekontuetara begira aipatutako ekintza planeko hainbat neurri burutzeko asmoa adierazi du Udalak.

Izan ere, legegintzaldi hasieran aurkeztutako Gobernu Planean Gazteriari bultzada bat emateko konpromisoa hartu zuen gobernu taldeak. Horren erakusle da legegintzaldi honetan, lehen aldiz, Aurrekontuetarako Gazteriaren atal propioa sortu izana. “Bertan, diru-atal ezberdinak dauden arren, eduki gehiagorekin osatu nahi dugu. Horregatik, gazte eta nerabeekin batera ekintza plan bat egin nahi dugu, hurrengo urteetan betetzen joan asmoz”, adierazi du Idoia Buruaga alkateak.

Esleipena, prozesua martxan jartzeko

Udala hainbat erakunderen proposamen ezberdinak jaso ditu, eta horiek aztertu ondoren, dagokion udal batzordean informatu eta esleipena egingo da prozesua abian jartzeko.

“Lehen aldia da Elorrioko Udalak horrelako lanketa bat egiten duela. Hala ere, udalak ezer egin aurretik, ezinbestekoa deritzogu nerabe zein gazteek dituzten gabeziak, proposamenak, premiak, … ezagutzea. Elorrio nola ikusten duten jakin eta aldi berean, beraiek ahalduntzea da gure helburua. Guzti hori daukagunean, ekintza plana osatuko dugu datozen urteetan gauzatzeko. Dena den, jakin badakigu, urtero edo bi urtean behin, plan hau eguneratu beharko dugula”, adierazi du Maitane Lopez Gazteria zinegotziak.