Albisteak

 

Ostegun arratsaldean Elorriora heldu zen errefuxiatu familiari babes eta elkartasun osoa helarazi dio Elorrioko Udalak, eta beregain dituen baliabide guztiak erabiltzeko prest agertu da zazpi kideko familia kurdu horrek dituen beharrei aurre egiteko.

Heldueraren albistearen berri izan bezain laster, Idoia Buruaga Elorrioko alkatea, beste erakundeekin elkarlanean, familiaren egoeraren berri jakiten eta dituzten beharrei erantzuten ahalegindu zen. Errefuxiatuen eskubideak bermatzen dituzten elkarte ezberdinekin haremanetan jarri ostean, errefuxiatu familiari laguntzeko aukera ezberdinak aztertu ziren.

“Famili batek bere jaioterria utzi eta bere biziraupena bermatzeko mundu erdia zeharkatzeko prest dagoen bitartean, beti izango gaituzte bidelagun. Drama humanitario honetan gure esku dagoena eskaintzeko prest izan behar gara, izan ere, atzo bizi izan genituen sentimenduetatik ekintzetara igaro behar dugu”, adierazi du Buruagak.

ACNURen 2015eko datuen arabera 65, 3 milioi pertsona errefuxiatu daude munduan. Baina jende asko geratu da bidean, 3.800 izan ziren mediterraneoko uretan bizitza galdu zutenak aipatu urtean eta amaitzear dugun 2016ak urri amaieran kopuru hau gainditu zuen. Hildako hauen herenak haurrak izan zirela kalkulatzen du Save the Children elkarteak.

Kontzentrazioa Durangon

“Gatazka egoerengatik lekualdatu behar izan direnek, gatazka endogenoen biktimekin batera, asilo eskatzaile potentzialak dira, eta Europar Batasunaren baitako estatuek sinatutako nazioarte mailako babes itunen babespean egon beharko lukete. Baina Europak ateak ixten dizkie. Eta horregatik heltzen dira, heltzen diren egoera tamalgarrietan, errefuxiatuak gurera. Aukera duten moduan, beldurrei, heriotzari, banaketei, zailtasunei… aurre egiten. Elorrioko udaletik, gure prestutasun osoa adierazi nahi dugu Errefuxiatuentzako babes herri bilakatuz, haientzako bide seguruak sortuz”, adierazi du Buruagak.

Amaitzeko, gobernu taldeak larunbat eguerdirako 'Ongi Etorri Errefuxiatuak' plataformak Durangon deitutako hilabeteroko elkarretaratzean parte hartzera gonbidatu nahi ditu elorriar guztiak, bai gure herrira atzokoan heldutako sendiei gure elkartasun eta babes osoa adierazteko, baina baita bidean daudenei, gurera heldu nahi dutenei, egun gurekin daudenei Ongi Etorri beroena emateko.