Albisteak

 
Azken asteetan Elorrion izan den lapurreta boladarekin behin betiko bukatzeko helburuarekin, Elorrioko Udalak eta Ertzaintzak ezohizko Prebentzio Plan bat martxan jartzea adostu dute. Pasa den ostiralean Durangoko Ertzain-etxean izandako bileran, Idoia Buruaga Elorrioko alkateak Elorriorentzako eta elorriarrentzako arreta handitzea eskatu du.

Denbora tarte txiki batean, lapurrek bost tabernatan lapurtu eta beste hirutan saiakera egin dute. Horrez gain, hiru enpresa ezberdinetan sartu dira. Ekintza horien aurrean, Buruagak arreta handiagoz ibiltzeko eskatu dio Ertzaintzari.

Ikusita orain artean hartutako neurriak ez direla nahikoak izan herrian gertatutako lapurreta boladari aurre egiteko, ezohizko Prebentzio Plana ezarriko dute udalak eta Ertzaintzak. Plan horrek hurrengo konpromisoak barnebiltzen ditu:

  1. Ertzaintzaren etengabeko presentzia gau guztian zehar.
  2. Errepideko kontrolak.
  3. Errekurtso handiagotzea epe mugagabean.
  4. Ikerketen areagotzea.