Albisteak

 

Martxoaren 8aren, Emakumeen Nazioarteko Egunaren baitan, Elorrion bizi diren jatorri ezberdinetako emakumeen inguruko lanketa egingo dute, hiru astez, Elorrioko Udalak eta herriko beste hainbat eragileek. ‘Elorrion kisketa zabalik emakumeon aniztasunari’ lelopean, emakumeen aniztasunari erreparatu eta eta Elorrion izan daitezkeen egoera larriak ikusarazteaz gain, jatorri ezberdinetako emakumeen interesak eta beharrizanak plazaratuko dira, Udalaren arabera, “hobeto elkar ezagutu, elkar ulertu eta elkar errespetatzeko”.

Otsailaren 20tik hasi eta martxoaren 18ra arteko egitaraua prestatu dute antolatzaileek. Hitzaldiz, antzerkiz, emakume migrateen topaketez, ikastetxeen lanketez, erakusketez, filmez, kontzertuez, mendi-martxez, betetako hiru aste izango direla nabarmendu dute udaleko ordezkariek.

Emakume migranteekin topaketak

Herriko Ikastetxe ezberdinetan, esaterako, herri aniztasuna, gorputz aniztasuna eta emakume zientzialarien kasuak jorratzen ari dira maila guztietan otsailean zehar.

Ostiral honetan hasi eta hiru asteetan, ostiralero, 18:30etik aurrera, Iturri Kultur Etxean feminismoen aniztasuna jorratuko da hitzaldi ziklo baten bitartez: Feminismoa eta Islama (Itzea Goikolea), Feminismo Beltza (Jeanne Rolande), Boteretze feminista (Bilgune Feminista) eta Feminismoen arteko aliantzak (Itziar Gandarias).

Horrez gain, antolatzaileek saiakera berezia egin dute Emakume migranteekin egingo diren topaketak arrakastatsuak izan daitezen. Izan ere, Elorriora munduko beste leku batzuetatik etorritako emakumeekin topo egin nahi dute. antolatzaileek Bi saio antolatu dira: lehenengoa larunbat honetan, Arriolan, 17:00etatik aurrera, eta hurrengoa martxoaren 6ean leku eta ordu berean. Bi topaketa horiek El Salvadorreko Cony Carranzak dinamizatuko ditu.

Elorrioko emakume artisten erakusketa

Iturri Kultur Etxeak leku berezia izango du egitarauean zehar, izan ere, martxoaren 7an hasi eta apirilaren 21era bitartean, bi erakusketa izango dira emakumeen aniztasuna aldarrikatzeko. Lehena, ‘Ez-berdinak’ izenpean, Patxi Granados argazkilari elorriarrak herriko 36 emakumeri ateratako erretratoez osatutakoa. Bigarrena, berriz, Elorrioko hamar emakume artisten erakusketa kolektiboa.

Horrez gain, martxoaren 15ean, Khadia Bouchkarrek eta Badiaa Nacirrek hennaz-ko tatuaiak egin eta Tea-ren zeremonia ospatuko dute Iturrin. Martxoaren 17an, lau urtetik gorako umeentzako “Emakumeak Munduan” ipuina kontatuko du Alberto Bargosek Liburutegian.

Emakume elkarteen eta talde feministen ekarpenak

Udalak antolatutakoez gain, Elorrioko emakume elkarteek eta talde feministek ekintza ezberdinek antolatu dituzte. Alargunen Elkarteak eta Elorri Lorek, esaterako, bazkideentzako bazkaria eta film didaktikoa antolatu dituzte, hurrenez hurren. Elorrixoko Bilgune Feministak, berriz, horma irudi bat margozteaz gain, afaria eta kontzertua antolatu du martxoaren 18rako Gaztetxearekin batera.