Albisteak

 

Eusko Jaurlaritzak 1997an onartutako Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen (LAG) berrikuspenaren aurrerapena aurten aurkeztu duela eta, Elorrioko Udalak horien inguruko jardunaldiak antolatu ditu otsailaren 21 eta 22rako. LAG-ek Euskal Herriko Lurralde Antolakuntza arautzeko ardura daukate, beraz Elorrion ospatuko diren jardunaldien helburua eredu berri baten inguruan hausnartu eta etorkizunerako gidalerroak zehaztea izango da. Horretarako, hainbat adituren hitzaldiak eskainiko dira.

“Lurralde-eredu berri bat zehazteko irizpideen ideia orokor bat aurkeztea izango da jardunaldi honen helburuetariko bat. Naturaren iraupena eta ingurumena, bideak eta trenbideak, hiri-hazkuntza, ekonomi jarduerak, baserri-basoaren ustiapena, ekipamenduak, zeharkako gaiak (osasuna, euskara, berdintasuna…) eskualdekatzea (eremu funtziodunak), hondakinen birziklapena, eta abarretaz mintzo dira LAG-ak. Honek, nabarian uzten du gidalerro hauek gure bizitzetan duten eragina. Gai honen inguruan interesa duten elorriar zein elorriarrak ez direnak gonbidatu nahiko nituzke”, adierazi du Xabier Dominguez alkateorde eta Hirigintza eta Ingurumen saileko arduradunak.

Eztabaidarako gunea
Hitzaldiak Iturri Kultur Etxeko areto nagusian eskainiko dira. Otsailaren 21ean, 19:00etan, LAG-en inguruko azalpena eskainiko du Dani Maeztu parlamentari ohi eta Ingurumen arloan abokatu espezializatuak. Ondoren, 19:30ean, LAG-ei buruzko Berrikuste Bidea azalduko dute Ana Izquierdo Inguru Kontsultategiko ordezkariak eta Paisaje Transversal-eko Jon Aguirrek. 20:00etan, Izaskun Iriartek, Administrazio eta Lurralde Plangintzaren Sailburuorde-ohiak LAGen Berrikuspenaren Aurrerapenaren ardatz nagusiak azalduko ditu eta bukatzeko, 20:30ean eztabaidarako eta ondorioetarako tartea zabalduko da.

Otsailaren 22an, berriz, Hodei Zenikaonandiak, Udal arkitekto aholkularia eta “DOT desazkundea” eragile sozialeko kideak, ‘Oinak Lurrean, Alternatibarako Oinarriak’ hitzaldia eskainiko du 19:00etatik aurrera. Bere ondoren, Bilboko Hiri Plangintzaz mintzatuko da Hirigintzako aholkularia eta Betsaide elkarteko kidea den Karmelo Anakabe. 20:00etan Fernando Hevia, arkitekto eta Betsaide elkarteko kideak hitza hartuko du LAG-eko egoitzako kuantifikazioa azalduz. Bukatzeko, 20:30ak aldera eztabaidarako eta ondorioetarako tartea izango da.