Albisteak

 

Bileran zehar, Udalak hainbat gai azaleratu dizkio Garraio zuzendariari, esaterako, goizeko lehen orduetan izaten den masifikazioa.

Garraio publikoaren erabiltzaile talde batekin bildu ostean, Elorrioko Udalak bilera izan du ostegun honetan, Bilbon, Vidal Martinez Bizkaiko Garraio eta Mugikortasun zuzendariarekin. Bileraren helburua elorriarrek Bizkaibusen zerbitzuan pairatu behar dituzten hainbat arazori irtenbidea ematea izan dela azaldu du Idoia Buruaga Elorrioko alkateak.

Duela aste batzuk Bizkaibus garraio publikoaren erabiltzaile talde batekin bildu zen Buruaga, eta, bertan, erabiltzaileek egunero pairatzen dutena ezagutu zuen lehen eskutik: “Elorriok duen garraio publiko bakarra autobusa izanik, gaur egun dugun zerbitzua hobetu beharra dagoela mahaigaineratu diogu Garraio zuzendariari. Berarengana jo dugu, orain arte garraio sailera bidalitako eskaerek erantzunik izan ez dutelako.

Lehen orduetako masifikazioa

Bileran zehar, Udalak hainbat gai azaleratu dizkio Garraio zuzendariari, esaterako, goizeko lehen orduetan izaten den masifikazioa. Gainera, Leioako unibertsitate kanpusetik bueltan datozen autobusetan gertatzen diren konexio arazoari irtenbidea eman diezaion planteatu diote zuzendariari. Horrez gain, Igurian autobus geltoki bat jartzeko beharra azaldu eta Iguria-Elorrio artean oinezkoentzat bide seguru bat.

Zuzendariak erantzuna hilabete barru emateko konpromisoa hartu du.