Albisteak

 

Venezuelan bizi den elorriar baten ekimenez, azaroak 30etik abenduaren 22era bitartean egingo den botika bilketa babestu dute Elorrioko Udalak zein herriko eragile ezberdinek. Ahalik eta sendagai gehien lortzeko, kanpaina berezi bat abiatu dute astearte honetan Iturri Kultur etxean, eta bertan izan dira Iñigo Murua antolatzailea, Idoia Buruaga alkatea eta Elorrioko Larrañaga-Balenciaga eta Jaio-Olabarrieta farmazietako ordezkariak.

Venezuelan bizi da gaur egun Murua, eta bertako Chaima herri-indigenaren barruan dagoen Caripe herrirako hainbat sendagai zein osasunerako produktuak bidali nahi ditu. Ahalik eta produktu gehien bildu asmoz, Elorrioko bi farmazietan, Udaletxeko beheko solairuan zein astelehen arratsaldetan Caritaseko lokalean utzi daitezke produktuak. Besteak beste, heste-zizareetarako, zorrientzako, sarnarako (Sarcop krema) eta hesteen minerako (Buscapina) sendagai eta produktuak bilduko dituzte kanpainan zehar. Horrez gain, konpresak eta pardelak jasoko dituzte ere.

“Elorriarrek proiektu eta ekimen interesgarriak dituzten heinean, Udaletik horiek laguntzen saiatuko gara, eta uste dugu ekimen hau horietako bat dela. Zorionez, Elorrion elkartasunean oinarritzen diren hainbat ekintza egiten dira urte luzez, eta ez dut ahaztu nahi Kainabera Gobernuz Kanpoko Erakundeak egiten duen lana, goraipatzekoa baita. Zentzu horretan, Iñigok antolatu duen ekimen hau ere guztiz txalotzekoa da”, adierazi du Idoia Buruaga alkateak.