Albisteak

 

Abenduaren 2an –ostirala–, 18:30etik aurrera, Iturri Kultur Etxean, Elorrioko Adinekoen Ekimenen Lehiaketa bukatuko da, lehiaketara 60 urtetik gorakoek aurkeztu dituzten proiektuak xede izango dituen ekitaldi baten eskutik.

Lehiaketa horren helburua, herritarren artean ekimen horiek ezagutaraztea da, herriko bizimoduari egindako ekarpenak jendaurrean aintzat hartzeko. Aldi berean, epaimahaikideen ustez proiektu esanguratsuena zein den jakinaraziko da eta horri 500 €-ko saria emango zaio, geroan gara dadin.

60 urtetik gorako elorriarrentzat antolatu da lehiaketa, baldin eta edozein jarduera-eremutan interes orokorreko ekimenak egin badituzte. Hautagaiak aurkeztu ondoren, zehaztu eta garatu egin dira, eskaintza egonkor gisa sendotzearren.

Aurkeztu diren proiektuak hainbat eremutan garatu dira, eta guztiak eskuzabaltasunez sustatu dira, konpromiso  handiz, herritar guztien onerako. Era guztietako ekimenak daude, hala nola, “English Club” izenekoa, hilean behin jarduerak ingelesez antolatzen dituena, ingelesez mintzatzen diren herritarrei giro atsegingarrian ingelesez mintzatzeko aukera emateko asmoz. “Ortuak landatzen irakastea” izenekoak,  herrian ortuak nola landatu irakasten lagundu nahi du, interesdunei aholku emanez eta hiriko ortuak sortzea proposatuz.“Solasaldi ibiltariak” izeneko ekimenak, herriko hainbat tokitan herritarrentzat interesgarriak diren gaiei buruz solas egitera animatzen du, herritarrek gogoeta eta parte har dezaten (azkenean, aktak eta ondorioak egiten dira). “Elorrioko Museo Etnologikoa” proiektuak bertoko bizimoduaren historia gordetzeko museoa sortzen dihardu, garai bateko tresnak eta agiriak berreskuratzen eta sailkatzen, eta horien erabilerak dokumentatzen. Eta “Turismoa Bultzatzen” izenekoaren xedea, turismoa sustatzea da: Elorrioko toki interesgarri nagusiak aztertu eta horien balioa handitzeko neurriak proposatzen ditu.

Ekitaldi horretan, bost ekimen horiek ezagutaraziko dira, horien sustatzaileen eskutik. Arratsaldeko giroa ludikoa izango da, magia emanaldia eta guzti. Asmoa da egun horretan, guztien artean, herriko adinekoen protagonismoa eta lidergo gaitasuna ospatzea. Sarrera librea izango da, edukiera bete arte.

Elorriko Udalak, Gaurko Nagusia Fundazioarekin elkarlanean, antolatzen du Adinekoen Ekimenen Lehiaketa. Adinekoek gizartean parte har dezaten, horien protagonismoa handiagoa izan dadin eta beren ekarpenak aintzat har daitezen sustatzeko programak antolatu ohi ditu Gaurko Nagusia Fundazioak.

 Kartela jaitsi (PDF 323KB)