Albisteak

 

Bizkaiko Foru Aldundiak katastroa eguneratzeko hartutako erabakiak polemika sortu du herritarren artean, eta horiek argitzeko asmoz, gobernu taldeak bilera batera deitu ditu kaltetuak.

Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (IBIa, erdaraz) ordaintzerako orduan aldaketa esanguratsuak izango dituzte Bizkaiko herritarrek, izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiak katastroaren balioa eguneratu du 40 urteren ondoren. Aldaketa horrek hainbat polemika sortu ditu herritarren artean, eta horiei erantzun bat eman asmoz, Elorrioko Udalak bilera bat antolatu du astearte honetarako. Arriola kultur aretoan izango da bilera, 18:30etik aurrera.

Katastroaren aldaketaren nondik norakoak azaltzeko, etxeetara bidalitako ohartarazpenetan emandako datuak ulertzen laguntzeko, Udalera helarazi diren kasu ezberdinen aurrean eman beharreko pausuak azaltzeko edota elorriarrek gai horren inguruan izan ditzaketen zalantzak argitzeko baliatuko dute bilera.

Aldundiaren jarreraz kezkatuta
“Tamalgarria deritzogu Aldundiak gai honekiko izan duen jarrera, izan ere, ondo egin beharrean, presaka egin dute. Horrez gain, Udaletik birritan eskatu diogu Aldundiari katastroaren inguruko zalantzak argitzeko teknikari bat jar dezala Elorrion eta bulego bat eskeini diogu horretarako, baina bietan uko egin dio. Udaletik ere zailtasun handiak ditugu katastroarekin, ez dugulako guk erabakitzen, ezin dugulako gure kabuz aldatu eta ezin ditugulako egin diren akats guztiak konpondu, baina gure eskuetan dagoen guztia egingo dugu elorriarron interesak defendatzeko”, adierazi dute gobernu taldetik.