Albisteak

 

Gerediaga-Elorrio erradial berria zabaldu denetik, Elorrio lehendik ere inguratzen zuen sahiesbideari autobia izendapena ezarri dio Aldundiak. Hori dela eta, zenbait herritar kexu agertu da; izan ere, aurrerantzean ezin izango da ez txirrindularirik ez eta traktorerik igaro San Agustingo biribilgunetik Iguria auzora arteko saihesbidetik. Aldaketa honek herrigunetik igarotzera behartzen ditu. Erabaki hori bertan behera utzi eta aurreko izendapena mantendu dezala eskatzeko, Idoia Buruaga Elorrioko alkateak gutun bat bidali dio Bizkaiko Aldundiko Garraio eta Mugikortasun Sailari.

“Eskatzen dugu errepide berriak autobide izaera gorde dezala Gerediagatik Elorrioko San Agustin auzoko biribilguneraino, ez ordea Iguria auzoraino; hau da, Elorrioko tarteak jarrai dezala sahiesbide izaten”, dio gutunak.

Iguria auzoko bidea, itxita
Horrez gain, garai batean Elorrioko Iguria auzotik herrigunera zihoan oinezkoentzako bidea itxi egin zela eta, Udalak aspaldiko arazo horri irtenbideren bat emateko eskatu dio Aldundiari. Era berean, etorkizunera begira egingo den errepidearen proiektuan Iguria auzoak herrigunearekin konektatzeko dituen arazoak kontuan hartzeko eskatu dio Aldundiari.