Albisteak

 

Orain artean sakabanaturik zeuden Gizarte langilea zein Berdintasun teknikaria bildu dituzte udaletxeko lehen solairuan.

Elorriarrei Gizarte Zerbitzu hobeagoa eman asmoz, udaletxeko lehen solairua berregokitu eta gizarte langilearentzat zein berdintasun teknikariarentzat espreski diseinatutako bulegoak eraiki ditu Udalak. Gainera, sail hauetan egon daitezkeen gai delikatuak kontutan izanda, bulego berriak intsonorizatu dira.

Orain arte, berdintasun teknikaria udaletxeko azken solairuan kokatuta zegoen, eta bertara heltzeko irisgarritasun arazoak zituzten herritarrek. “Horrez gain, parekidetasuna zeharka landu beharreko gai bat dela uste dugu gobernu taldetik, beraz kokapen berri hau bide honetan aurrera egiteko pausu bat gehiago da”, azaldu du Idoia Buruaga alkateak.

Arloen garrantzia “sendotzeko”

Gizarte langileari dagokionez, Udaltzaingoaren Buzkantz kaleko bulegoan aritu da lanean orain arte. Hala ere, bulego berri horrek ez zituen gizarte langile eta herritarren beharrak asetzen. Gauzak horrela, gizarte langilea bulego berri batera egokitu eta, bidebatez, udaletxeko egunerokotasunean txertatzea bilatu da.

Obrek 31.000 euroko aurrekontua izan dute, eta Buruagaren hitzetan bi arloek udal barruan duten garrantzia “sendotzeko” balioko dute. “Hasiera batetik, bi langileen iritziak kontuan hartu ditugu, eta ahal izan dugun heinean espazioa beren beharrizanetara egokitzen saiatu gara. Oraindik ere lan handia egiteko dugun arren, gizarte arloaren garrantzia indartu nahi dugu udal honen dinamikan”, gaineratu du.