Albisteak

 

2017 urterako udal tasak eta zergak bere horretan jarraituko dutela erabaki du Elorrioko Udalak, azken osoko bilkuran gobernu taldeak proposatutako ordenantza fiskalak aho batez onartu ondoren. “Zoritxarrez, Bizkaiko Aldundiaren dirubilketa beheruntz joango dela dirudi, beraz aurrekontuei beherantz tira egingo diote, baina Udalaren egungo egoera ekonomikoa jasangarria da. Udal zergekin orekatu ezean inbertsioak egiteko gaitasuna txikituko da. Hala ere, herritarron egoera ekonomikoaren adierazleak ez dira horren onak, beraz zergak eta tasak ‘izoztea’ planteatu dugu”, azaldu du Jon Ander Gracia Ogasun zinegotziak.

Hala ere, zergei dagokienez, aldaketa nabarmen bat jasango dute Bizkaiko herri guztiek. Izan ere, joan den ekainean OHZa (IBIa, erdaraz) berritu zuen Bizkaiko Aldundiak 40 urteren ostean, eta horrek eragina izango du beren ondareen katastroa berritu gabe duten herritarrengan. Hala ere, aldaketa horrek eragin ditzakeen kalteen aurrean, Udalak bere esku dagoen zergaren portzentaia moldatuko du, OHZren eragina leundu asmoz.

Hobari berria eta zabalpena
Tasak eta zergak mantenduko diren arren, hainbat hobari berri ezarriko dira:

  • ONCE eta tankerako irabazi asmorik gabeko elkarteei zoru publikoaren erabileragatik ezartzen zaien tasan hobaria onartu da.
  • Trakzio mekanikoko ibilgailuei ezartzen zaien zergan aldaketa bat egingo da, auto klasiko eta historikoentzako hobaria handituz. Hemendik aurrera, historikotzat katalogatu diren autoek –H matrikula dutenak– % 100eko hobariak izango dituzte. Horrez gain, 25 urte baino gehiago duten autoek ere % 50eko hobaria izan dezakete, baina hobariak lortzeko bildumarako zaharberritzea eginda izan behar dute, hau da: autoaren berezko modeloa oinarri harturik, “museo” katalogazioa izan beharko dute.