Albisteak

 

Elorriar guztiek euskaraz ikasteko aukera izan dezaten, Elorrioko Udalak adin zein jatorri ezberdinetarako euskara ikastaro anitzak antolatu ditu Abizari-AEK euskaltegiarekin elkarlanean. Oinarrizko maila lortzea izango da ikastaroaren helburua, hau da, ingurukoekin gutxiengo komunikazioa lortzea, lagunekin, seme-alabekin, … . Horretarako, etorkinentzako, umeekin euskaraz hitz egin nahi duten gurasoentzako eta erretiratuentzako bereziki prestatutako ikastaroak antolatu eta diruz lagunduko ditu.

Gurasoentzako ikastaroa 2016ko urrian hasi eta 2017ko maiatzean amaituko da, eta guztira 165 ordu egingo dira. Klaseak astelehenetik ostegunera izango dira, 14:30 - 16:00 bitartean, nahiz eta eskariaren arabera ordutegia alda daitekeen.

Etorkinentzat zuzendutako ikastaroa, berriz, 2016ko urrian hasi eta abenduan amaituko da. Astean zehar 4 ordu egingo dira, egun bitan banatua, eta ordutegia aukeratu ahalko da.

Azkenik, erretiratuei dagokien ikastaroa 2016ko urrian hasi eta 2017ko maiatzean amaituko da (guztira 165 ordu). Astean zehar 4 orduko ikastaroa egingo da egun bitan banatuta, eta ordutegia aukerakoa izango da.

Informazio eskaerak zein izen emateak Abizari-AEK euskaltegian egingo dira.