Albisteak

 

Herritar talde batek udaletxean eginiko eskaerari heldu eta herri gunetik igarotzen den Zumelegi ibaia garbitzeko auzolana antolatu du Elorrioko Udalak. Hitzordua datorren urriaren 7an izango da, ostiralean (jai-eguna), eta bertaratzeko deialdia zabaldu dute udal ordezkariek.

Ibaiaren egoera ikusita, Crossculture Surf elkartearen baitan dagoen herritar talde batek eskaria egin dio Udalari arazo horri irtenbidea emateko asmoz, eta horretarako auzolanean egitea proposatu dio. Udalak baiezkoa eman eta baliabide guztiak zein asegurua jarriko ditu.

Erreka garbitzeaz gain, herritarren kontzientziaziorako tresna izatea nahi dute, eta horretarako ekintza deigarri bat egingo dute: jasotzen den zabor guztia herriko plazan utziko da arratsalderarte, herritarrek errekaren egoera zein den ikus dezaten .

Herriko eragileen inplikazioa
Herritarrengandik irtetzen diren ekimen guztiak beti dira txalogarriak, eta are gehiago guztiona dena zaindu eta babestea helburu dituztenak. Udalak bere esku dagoen guztia egingo du horrelako egitasmoak sustatzeko”, adierazi du Xabier Dominguez alkateordeak.