Albisteak

 

Unibertsitateetara joaten den garraioa merkeagotu asmoz, unibertsitate-ikasleentzat bideratutako diru-laguntzak eskainiko ditu Elorrioko Udalak aurrerantzean. Modu horretan, Elorrioko Udalak irtenbide txiki bat eman nahi dio herriko unibertsitate ikasleek aspaldi aldarrikatutako eskaeretako bati, izan ere, Elorriotik inguruko unibertsitateetara joateak zama ekonomiko handia suposatu izan die urte luzez.

Laguntza hau eskatzeko epea zabalik dago dagoeneko, eta urriaren 30a baino lehen eskatu beharko da udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan. Eskatzaileak 17 eta 30 urte bitartekoak eta Elorrion erroldatuta egon beharko dira. Gainera, azken ikasturtean langabezian egon izana eta gutxienez 36 kreditutan matrikulatuta edo 18 kredituren azterketetara aurkeztu izana baldintza bezala hartuko du Udalak.

Hurrengo urteetarako froga
“Elorriotik unibertsitate zentroetara joatea ametsgaiztoa izaten da ikasle askorentzat. Autobus aldaketak, ordutegi txarrak, prezio altuak, … Laguntza honek norabide horretan sakondu nahi du, eta nahiz eta jakin badakigun ez dela nahikoa, gure esku dagoen guztia egingo dugu gauzak errazteko”, azaldu du Maitane Lopez zinegotziak.

Lehen urte hau hurrengo urteetarako froga bezala hartu nahi izan dute udal ordezkariek, hori dela eta, 2.500 euroko diru-partida bideratu dute laguntza honetara. Hala ere, benetako eskaera zein den ezagutu nahi du Udalak, eta hortik abiatuta, hurrengo urterako Aurrekontuetan laguntza honen diru-partida indartzeko asmoa erakutsi du.