Albisteak

 

Aurtengoan ere datu esanguratsuak lortu dira. Koadrilen egunean, esaterako, 1.600 pertsona bildu ziren Aldatsekuan, eta egun batzuk geroago, Sukalki Egunean, 92 talde aurkeztu ziren lehiaketara.

Ferixa Nausikoak bukatu eta egun gutxitara, Elorrioko Udalak modu positiboan baloratu ditu jaiak. Irailaren 3an hasi eta 11ra arte luzatu diren ekitaldi eta ekimenek aldaketa ugari bizi izan dituzte aurtengo edizioan, baina, epea igarota, momentu honetara arte bizi ziren hainbat ezinegonei konponbidea eman dizkietela nabarmendu dute udal ordezkariek. “Badugu zer hobetu eta hobetzen ahaleginduko gara, baina geroz eta jai herrikoi, parekideago eta justuago batzuk izateko norabide onean goaz”, adierazi dute.

Partehartzeari dagokionez, aurten ere datu esanguratsuak lortu dira. Koadrilen egunean, esaterako, 1.600 pertsona bildu ziren Aldatsekuan, eta egun batzuk geroago, Sukalki Egunean, 92 talde aurkeztu ziren lehiaketara. “Egin digun eguraldi bikainak ere asko lagundu digu jendea kalean izaten. Kaleak adin guztietako jendez beteta egon dira, eta plaza inguruak asko irabazi du txosnen kokagune berriarekin”, adierazi du Udal taldeak.

Izan ere, txosnaguneko arduradunek beren balorazioa eginda ez duten arren, Udalak positiboki ikusten du eman den urratsa: “Uste dugu herriguneak asko irabazi duela txosnen kokalekuarekin, eta goraipatzekoa da egin duten esfortsua gune berrira moldatuz. Horrez gain, egitarau aldetik ekarpen ugari egin dizkiote jaiei, gaueko ekitaldiez gain, egunez ere mota ezberdinetako ekintzak antolatu eta beste jai eredu bat bultzatzen baitute”.

Bilera bizilagunekin

Txosnen kokaleku berriak barrakak lekualdatzera eraman ditu, inguruan bizi diren bizilagunen arazoak leundu asmoz. Bizilagun horiekin batzartu eta balorazioa egiteko konpromisoa hartu du Udalak, baina lehen balorazioa baikorra da.

Eraso sexistei dagokienez, Udalak preseski horiek salatzeko erabilgarri jarri zuen telefono zenbakiak ez du deirik jaso. Horrek ez du ehuneko ehunean ziurtatzen erasorik egon ez denik, baina Udalak ez du inolako berririk jaso.

Hurrengo urterako erronka

Hala ere, hurrengo urteetara begira zer hobetu badagoela adierazi dute udaletik. Zentzu horretan, kezkatuta agertu dira herriko kale eta txoko desberdinaten alkohola edaten aritu diren gazteen kopuruarekin. “Gazteena eta alkoholarena kezkatzen gaituen gai bat da. Hori dela eta, datorren urtera begira gazteei zuzendutako kanpainak abiaraziko ditugu. Kontziente gara ez dagoela soilik gure esku, baina Udal moduan norabide horretan lan egiteko ardura daukagu”.

Bukatzeko, hurrengo urteko Ferixa Nausikoei begira, jaien antolakuntzan herritarrak partehartzera gonbidatzen ditu Udalak: “Jai hauen indargune nagusia da herritarrek daukaten garrantzia, beraz hori indartzen saiatu behar gara. Badago zer aldatu edo zer hobetu, baina lan horretan ezinbestekoa ikusten dugu herritarren laguntza”.