Albisteak

 

Elorriarrekin zein herrira datozen bisitariekin online bidezko harremanak sendotu eta garai berrietara egokitu asmoz, Elorrioko Udalak sareko eskaintza berria aurkeztu du egunotan. Izan ere, orain arte zeukan webgune bakarra itxuraldatu eta berrantolatzeaz gain, Turismorako propio eginiko orri berria aurkeztu du. Modu horretan, “elorriarrek zein kanpotik zetozen turistek azken urteetan egiten zuten eskariari aurre egin nahi izan diogu”, azaldu du Idoia Buruaga alkate eta Turismo eta Ondarea arloko arduradunak.

www.elorrioturismo.eus webguneak Elorriok eskaintzen dituen turismo baliabide ezberdinak pantaila aurrean jarriko ditu. Herriak berez daukan turismo eskaintzaz gain, Turismo Bulegoak antolatzen dituen bisita-gida zein jarduera anitzak kontsultagai izango dira. Zentzu horretan, eskaintza bi arlotan egituratu dute: herri gunekoa eta natur-inguruetakoa. Horrez gain, kulturalki, historikoki zein gastronomikoki herriak dituen baliabideak nabarmenduko dira berezko atalen bitartez.

Webgune korporatiboa, berriztuta

Turismo orrialdeaz gain, www.elorrio.eus webgunea goitik behera itxuraldatu eta berrantolatu du Udalak Byscaitik fundazioaren laguntzaz. .eus domeinura aldatzeaz gain, orain arteko bertsioaren berrazterketa gauzatu dute udal langileek, eta horren ondorioetako bat izan da antolamendu egoki baterako neurriak hartzea.

“Orain arte amaraun batean galduta zegoen informazio baliotsu asko klik bakar batera ekarri dugu. Arlo bakoitzari dagozkion diru-laguntzak, hitzarmenak, … arloka batu ditugu, erabiltzailearen bilaketa lanak erraztu asmoz”, azaldu du webgunearen berritzeaz arduratu den Xabier Dominguez alkateordeak.

Aurrekoaz gain, Udalak Gardentasun webgune berria landu du barne funtzionamendua eta horren atzean dagoen informazio guztia herritarrei helarazteko. http://zabaltzen.elorrio.eus/eu/portada/ orrialdean kontsultagarri izango dira, esaterako, udalbatzari, kontratazioei edota hirigintza eta ingurumenari dagozkien atalak. “Herritarrek Udalean egiten den guztia jakiteko eskubidea dute, eta bide horretan pauso garrantzitsu bat da informazio guztia horien eskuetan jartzea”, nabarmendu du Dominguezek.