Albisteak

 

Larunbat honetan Munduko Paracycling Txapelketaren lasterketa bat izango da Elorrioko kaleetan zehar. Aipatutako lasterketa horretan desgaitasun kognitibo edo motorra duten txirrindulariak hartuko dute parte, eta Elorrion 24 herrialde ezberdinetatik heldutako munduko 130 txirrindularirik onenak lehiatuko dira.

Antolakuntzari eta herritarrei gauzak erraztu asmoz, Elorrioko Udalak egun horretan moztuko diren errepide eta kaleen berri eman du. Lasterketaren irteera eta helmuga Elizburu kalean kokatuko dira, eta ibilbidea Betsaide kaletik, Arrasate Etorbideko bidegurutzetik, N-636 errepideko lotunetik, San Agustingo biribilgunetik eta San Fausto zein San Pio kaleetatik igaroko da. Trafikoa moztuta izango da 10:15etik 13:15era bitartean eta 14:30etik 19:30ra bitartean.

Horrez gain, Ibaikua, Elizburu (ferixa gunea) eta plaza inguruko Nizeto Urkizuko aparkalekuak itxita egongo dira. Argiñeta Etorbidea kalea –Padura kaleko bidegurutzetik Nizeto Urkizura arteko bidegurutzera arte–, Nizeto Urkizu kalea –Argiñeta Etorbideako bidegurutzetik Telefonica-ko eraikinera arte– eta Berrio Otxoa kalea ere itxi egingo dira. Azkenik, Ibaikua kalea ere moztu egingo da, nahiz eta Eroskira arteko eta udako igerilekuetara arteko errepideak zabalik izango diren.

Ordezko bideak

Elgeta eta Berriz arteko ordezko bidea Anduetxeta-Nizeto Urkizu-Padura-Argiñeta Etorbidea kaleen artean egingo da. Horrez gain, eta betiere lasterketaren egoerak ahalbidetzen duen heinean, Ibarrako zubiaren eta Goieta kalearen arteko errepidetik igaro ahalko da.

Aldaketa horiek direla eta, autobus geltokiak lekuz aldatuko dira (orain artekoak bertan behera geratuko dira eta Betsaide kalean izango da geltoki bakarra, Nissan tailerraren parean). Taxien geltokia ere San Pio X kalera igaroko da, taxi geltoki zaharrera, hain zuzen.

Ekitaldiak eragin ditzakeen zirkulazio-arazoak direla eta, udal arduradunek pazientzia eta ulermena eskatu diete bizilagunei: “Ospakizun eguna izatea espero dugu. Gutxitan ikusiko dugu garrantzi honetako ekitaldi bat Elorrion, beraz herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu egunaz gozatzera”, adierazi du Dani Palacios kirol arloko zinegotziak.