Albisteak

 

Hainbat enpresetako enpresaburuekin bilera informalak izan ostean, datozen asteetan Elorrioko Udalak herriko eragile sozioekonomiko zein kultural ezberdinekin daukan harremana sistematizatu eta horiengana bisita egingo du. Eragile horiek Elorriorekiko zein ikuspegi duten eta horien errealitatea zein den ezagutzeko bilera erronda zabala burutuko dute udal-ordezkariek. Bilera-erronda Elorrioko enpresekin hasiko du Udalak, eta Elorrion gaur egun dauden langabetuen egoera enpresaburuei ezagutarazteko, udal ordezkariek herritarren curriculumak eramango dituzte bilera horietara.

“Bisitak berehala hasiko ditugulako dei berezia egiten diegu Elorrioko langabetu guztiei euren curriculuma udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzura (HAZ) ekar dezaten. Ez dugu kerik saldu nahi, baina ziurtatzen dugu lan egingo dugula bertako enpresaburuek bertako langabetuen berri izan dezaten eta animatuko ditugu, aukera izanez gero, elorriotar langabetuak kontratatzera”, azaldu du Idoia Buruaga alkateak. Aurtengo martxoko datuen arabera, Elorrion 327 langabetu daude, eta azken urteetan datuek behera egin dutela nabarmendu dute udal ordezkariek. Prozesu honek hilabete batzuk iraungo du, beraz curriculumak jaso eta gutxienezko kopuru bat izatean, enpresei helaraziko zaizkiela azaldu dute.

Dagoeneko, udal ordezkariak izan dira modu informalean Eroskin, Betsaiden, Lincen, Metal Smelting edota Igurian, eta orain asmoa da modu sistematikoan ahalik eta enpresa gehienetara joatea. Idoia Buruaga alkatearen iritziz, “enpresa asko krisia pairatzen ari dira eta gertutik ezagutu nahi dugu euren errealitatea. Zein zailtasunekin egiten duten topo egunerokoan, zein indargune duten, etorkizunerako zein asmotan dabiltzan, udalak zer egin dezakeen… Bestetik, Udalaren gainean duten iritzia galdetuko diegu, nola ikusten gaituzten, zer hobetu behar dugun euren iritziz. Nola ikusten duten Elorrio eta nola irudikatzen duten biharko Elorrio hori”.

“Komunikazio zuzena” eragileekin
Enpresa munduaz gain, arlo ezberdinetako eragileekin harreman estua izan nahi du Udalak, eta datozen asteetan egingo diren bilerak zentzu horretan bideratuko dira. Helburua “bakarra” dela dio Buruagak: “Bai eragileek eta bai Udalak elkarren arteko informazioa trukatzea, norberaren egoeraren berri ematea eta egin beharreko ekarpen edota kritika egin, eta behar izanez gero, zalantzak argitu eta eman beharreko argibideak azaltzea. Udaletik uste dugu herritarrengandik hurbil gaudela eta hurbil egon behar dugula eta horretarako, bitartekaririk gabe, komunikazio zuzena izan nahi dugu herriko eragile guztiekin”.