Albisteak

 

Gida ekainerako egon dadila espero dute udal arduradunek, kurtso berrirako jendeak elkarte horien informazioa izan dezan.

Elorrioko elkarteen lana ezagutarazi eta balioan jartzeko asmoz, Elorrioko Udalak Elkarteen Gida osatuko du elkarteekin elkarlanean. Helburu horrekin, gidaren xedea eta berau osatzeko erabiliko den prozedura aurkeztu die Udalak elkarteetako ordezkariei, Iturri Kultur Etxean eginiko aurkezpen-bileran.

Maitane Lopez Kultura zinegotziaren iritziz, “Elorriok beti izan du elkartegintzaren beharra. Horren adibide dira urte luzez gure herria dinamizatzen ibili diren dozenaka elkarteak, hala ere, zaila gertatzen da horiek egiten duten lana balioan jartzea. Azken finean, azken helburua izango litzateke ezagutzea gure herrian zein motatako elkarteak ditugun eta horietan parte hartzeko bide ezberdinak. Udaletik beren lana nabarmendu eta eskertu nahi dugu, eta ekimen hau pauso txiki bat da bide horretan”.

Gaur egun, 46 elkarte ezberdin ditu zenbatuta Udalak. Gida osatze aldera, elkarteek beraiek landu beharko dituzte edukiak, eta Udalak beren historia, helburuak edota lan-esparrua ezagutarazteko erramintak eskainiko dizkie. Horrela, elkarte bakoitzak Udalak prestatutako txantiloi bat osatu beharko du, gidak zenbait jarraibide izan ditzan.

Hilabeteko epea fitxa betetzeko

Lehen bilera horretan, Udalak bere proposamena zein den azaldu eta elkarteengandik ekarpenak jaso izan nahi ditu. Aipatutako txantiloi horretan, elkarte bakoitzak hurrengo datuak bete beharko ditu: elkartearen izena, kontaktua, elkartearen historia eta kokapena. Horiez gain, herriari zer eskatzen dioten adierazi beharko dute, hau da: herritarrengandik zer espero duten, bolondresak behar dituzten, ekintzetan parte hartzeko bideak zeintzuk diren, …

 

Udalak hilabeteko epea eman die elkarteei fitxa betetzeko, maiatzaren 31ra arte, eta behin datuak jasota gida ekainerako egon dadila espero dute udal arduradunek, kurtso berrirako jendeak elkarte horien informazioa izan dezan.