Albisteak

 
Espainiako Gerra Zibilean aritu ziren 40 emakume omendu ditu ‘Intxorta 1937’ elkarteak, igande honetan, Elgetan. Bertan izan da, beste askoren artean, Aratxu Uriarte Berdintasun zinegotzia, Elorrioko Udaleko ordezkari gisa.

1936ko Gerran aritu ziren emakume erresistente eta errepresaliatuei omenaldia egin diete, igande honetan, ‘Intxorta 1937’ kultur elkarteko kideek Elgetan. Bertan izan da, Elorrioko Udaleko ordezkari gisa, Aratxu Uriarte Berdintasun zinegotzia, eta Udalaren elkartasun eta aitortza osoa helarazi die Intxortan borrokan aritu ziren emakume horiei. Horretarako, Uriartek, inguruko herrietako ordezkari politiko zein sozialekin batera, Iñigo Arregi artistaren Egiaren Iturria artelan bana banatu die Elgetara hurbildu diren 40 emakume borrokalariei eta beren senideei. Uriartek Peralta herriko (Nafarroa) Gertrudis Villafrancaren senitarteko bati eman dio oroigarria.

“1936ko kolpe militar faxistaren aurka herrikideak eta inguruko herrietako zein atzerriko pertsona asko izan genituen Intxortan borrokan. Elorriok modu zuzenean jasan behar izan zuen faxisten etorrera, eta Elorrioko Udaleko ordezkari gisa guzti horiek erakutsitako ausardia aitortu nahiko nuke. Gaurkoan, hala ere, aipamen txiki-handi bat egin nahiko nieke Intxortan lehen lerroan borrokan aritu ziren emakume guztiei edota erizain bezala atzeguardian, lubakiak eginez, kartzelaratuak, fusilatuak, frontean edo bonbardaketetan erailak, bortxatuak, erbesteratuak,... izandako emakumeei. Horietako 41 omendu ditugu igande honetan, baina ez ziren bakarrak izan. Euskal Herriko historia osoan emakumeak izandako garrantziaren seinale besterik ez da gaurko aitortza. Emakume haiek han izan zirelako gara, gaur egun, garena”, nabarmendu du Uriarte zinegotziak.

Bazkari herrikoia pilotalekuan

Kolektibo honez gain, diktadura frankistaren aurka borrokatu ziren emakume guztiak omendu dira igande honetan Elgetan (lantegietan “lan berdina soldata berdina” aldarrikatzen zutenak, feminismoaren alde borrokatu zirenak, torturatuak izan zirenak,…). “Helburua beste errealitate hau aldarrikatzea izan da, emakume erresistenteen errealitatea, alegia. Askotan isilaraziak izan diren emakume hauek aldaketaren eragile gisa aurkeztu eta irudikatu nahi ditugu, hainbat borrokaldiren ikurra den Intxortan. Euren testigantza, estrategia eta ekarpenak aitortu dira gaur”, adierazi du Uriartek.

Intxortako Erresistentzia Eguna 10.30ean hasi zen gudari eta milizianoen igoerarekin.  Horren ondoren lore eskaintza egin zen Salbadorreko monolitoan eta gerraren errekreazioa, Intxortako Atean. Elgetara bueltan, emakume erresistente eta errepresaliatuei omenaldia egin zitzaien herriko plazan 13.00etan. Bukatzeko, pilotalekuan, bazkari herrikoia izan zen.