Albisteak

 

Apirilaren 18an hasi eta maiatzaren 10era bitartean luzatuko den egitarauak aditu ezberdinak bilduko ditu lau egunetan zehar. Hitzaldiak ikastaro baten barruan sailkatu behar dira, beraz ez dira hitzaldi solteak izango.

Sexualitate ezberdinak ulertzeko modu, praktika, diskurtso edota ikuspuntu kritikoak landuko ditu datozen asteetan Elorrioko Udalak antolatzen duen ‘Elorrioko Emakume Eskolak’. Apirilaren 18an hasi eta maiatzaren 10era bitartean luzatuko den egitarauak aditu ezberdinak bilduko ditu lau egunetan banatuta.

Apirilaren 18an, astelehena, Eider Goiburu psikologian doktoratuak “SexualitateaK: ereduak, desioak, gorputzak... eta +” hitzaldia eskainiko du Iturri Kultur Etxean, 18:00etatik 20:00ra bitartean. Hitzaldia euskaraz eta erdaraz eskainiko da. Goiburu sexu hezitzailea, berdintasun teknikaria, Lahia-Nahia Elkarteko kide eta AbadiñoSex-eko arduraduna da.
Hurrengo hizketaldia Irantzu Varela kazetariak eskainiko du, apirilaren 26an. Varela ikasketarako, sormenerako eta ekintza feministarako Faktoria Lila espazioaren arduraduna da, eta “Maitasunaren ipuina: maitasun erromantikoa desmuntatzen” hitzaldia eskainiko du. Hitzaldi guztiak bezala, Iturri Kultur Etxean izango da, 18:00etatik 20:00etara.

Bost euroko prezioa

Zikloaren hirugarren data maiatzaren 3an izango da. Egun horretan Ainhoa Guemes izango da Iturri Kultur Etxera gerturatuko den aditua. Guemes Arte Ederretan doktoratua, kazetaria eta Berdintasun teknikaria da, eta “Sexu-genero metamorfosiak artearen bidez eta transgenero teoriak” hitzaldia eskainiko du.

Zikloarekin bukatzeko, Inmaculada Mujika lesbofobiaren inguruan arituko da “Lesbofobiari aurre egin” hitzaldian. Mujika soziologoa, psikologoa eta sexu eta genero-arretarako Aldarte Zentroko zuzendaria da.

Hitzaldiak ikastaro baten barruan sailkatu behar dira, beraz ez dira hitzaldi solteak izango. Izena emateko epea apirilaren 13ra arte izango da, eta bost euroko kostua izango du. Izena emateko, Elorrioko Udalak hiru bide ezberdin eskaini ditu: Udaletxean bertan, Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ), posta-elektronikoaren bidez: genero.teknikaria@elorrio.net, edota Udalaren webgunean dagoen izen-emate orria inprimatu, bete eta Berdintasun Zerbitzura postaz bidali.

 Kartela ikusi (PDF 526KB)