Albisteak

 

Elorrioko Udalak egitarau oparoa antolatu du martxoaren 8ko asterako, ‘Emakumearen Nazioarteko Eguna’ren baitan. ‘Emakumeon Mugimenduari oztoporik ez!’ lelopean, eta kirol munduan emakumearen errealitatea zein den ezagutu asmoz, ekimen gehienek zentzu horretan sakonduko dute. Herriko gazteenak izan dira ekitaldiei hasiera eman dietenak, izan ere, hilabete guztian zehar emakume kirolarien margo-muralak egiten aritu dira.

Martxoaren 4ean, berriz, ‘Elorrioko emakume kirolaren arteko mahai-ingurua’ solasaldia izango da, 19:30ean Iturri Kutur Etxean. Ekitaldian adin eta modalitate ezberdinetako Elorrioko emakume kirolariek parte hartuko dute, eta beren bizipenak helarazten saiatuko dira. Kilimanjaro edota Aconcagua mendiak igo dituen Lur Basterretxea mendizalea arituko da moderatzaile lanetan. Sarrera debalde izango da, eta bertaratzen direnek 25 kirolari ingururen bizipenak jasoko dituzte, 70. hamarkadan futbolean aritutako Maria Angeles Altubetik hasita 11 urteko haurrengana arte. Tartean errugbian, arraunean, txirrindularitzan zein xakean aritzen diren emakumeak izango dira.

‘Kirol esparruan berdintasuna landuz’ ikastaroa

Marije Apodaka Berdintasun teknikariaren arabera, “Elorrioko emakume kirolariak plazara atera nahi ditugu, haien praktikak, lorpenak, zailtasunak, gustuak, bizipenak eta abarrak guztiok jakiteko, eta aitorpen publikoa egiteko; baina ez bakarrik goi mailako kirolean aritzen direnei, edozein kirol-jarduera egiten duen emakume orori: yoga ikastarora doan amamari, egunero paseoan doan emakume talde horri, astebururo lehian dagoen neskato-ekipoari, igerilekura doan emakume gazte horri,…”.

Aste horren baitan antolatu diren ekintzek arlo ezberdinei eragingo dizkiete. Horrela, antzerkia, zinea, musika, ikastaroak edota kirol jarduerak atondu dituzte. Azken esparru horren baitan, martxoaren 12an, ‘Parketako kirol-makinak erabiltzen ikasteko saioa’ zuzenduko du Miriam Etxenagusiak. Lau egun lehenago, martxoaren 10ean, berriz, ‘Kirol esparruan berdintasuna landuz’ ikastaroa antolatu dute entrenatzaileak, klubetako zuzendaritzak, heziketa fisikoko irakasleak, begiraleak … hurbildu daitezen. Ikastaroa euskaraz eskainiko da, eta 18:30etik 20:30era izango da, Iturri Kultur Etxean. Dani Palacios Kirol zinegotziaren arabera, “azken ikastaro hau ekimen interesgarria da kirol taldeek berdintasunaren arloan hobekuntzak izan ditzaten beren egunerokotasunean”.

Kirola erraminta bezala

Palaciosen iritziz, “lehiakortasunari dagokionez, emakumearen presentzia txikiagoa da gizonenarekin alderatuz herriko ia kirol talde guztietan. Hala ere, emakume txapeldun asko ditugu gure herrian kirol esparru ezberdinetan. Aste hauetan zehar egingo ditugun ekintzen helburuari dagokionez, uste dut helburua izan beharko litzatekeela kirola erraminta bezala erabitzea beste helburu batzuk lortzeko. Kirola eginez gizartearekin erlazionatzen gara, eta horrek gauza asko hobetzera lagundu gaitzake, berdintasunean ere”.

 Programa (PDF 452KB)