Albisteak

 

Udaltzaingoaren arabera, minutuko 60 litro isuri ziren gehienez herriko plaza inguruan dagoen hodi batetik Zumelegi ibaira. Udala Durangoko komisaldegira joan da salaketa jartzeko asmoarekin.

Berrio Otxoa kalean kokatuta dagoen hodi batetik Zumelegi errekara egindako isurketak hidrokarburo usaina zabaldu zuen astelehenean Elorrioko herri gunean. Buzkantz kaleko zubi azpian zegoen likido zuri batek bertako bizilagunak eta udal arduradunak ohartarazi zituen 19:00ak aldera. Udaltzaingoaren arabera, isurketak hiru orduz iraun zuen, eta momenturik gorenean minutuko 60 litro isuri ziren.

Gauez, eta Gobernu Taldeko ordezkarien begiradapean, suhiltzaileak eta ‘Ipar-Ura’ko langileak Zumelegi errekan izandako isurketaren jatorria ikertzen ziharduten, nahiz eta oraindik ezin izan den zehaztu.

Gertakari horren harira, Udalak salaketa jartzeko asmoa erakutsi du astearte goizean Durangoko komisaldegian, isurketa nondik datorren argitu asmoz. Idoia Buruaga alkatearen aburuz, “onartezina da herriko erreka zabortegi modura erabiltzea, eta Udalak eskura dituen baliabide guztiak martxan jarriko ditu horren erantzulea topatzeko. Elorrio garbiago baten alde lanean aritzeko denon laguntza behar dugu”.