Albisteak

 
Urte berriari neurri eta proiektu berriekin ekingo dio Elorrioko Udalak, aurrerantzean bideorri izango duen Gobernu Planaren bitartez. Behin Udal Aurrekontuak onartuta, Gobernu Taldeak aurkeztu zituen 100 neurrietako batzuk martxan jarriko ditu datozen hilabeteetan. Uda hasierara arte iraungo duen lehen txanda honetan, arlo ezberdinetan eragingo dituzten 17 neurri aurkeztu dituzte udal ordezkariek. Horien artean daude, esaterako, Udaletxeko atzeko lursaila behin behinean zabaltzea, liburutegian ‘Wi-Fi’a jartzea, Berriotxoa kalean autoentzako sarbide kontrola ezartzea edota Eleizalde futbol zelaiko soropila aldatzeko esleipena egitea.

Idoia Buruaga alkateraren arabera, “iaz amaitu bezala, urte hasieran galtzak bete lan ditugu, eta pozik gaude. Elorrio nola hobetu badakigu, eta zeregin horretan gabiltza udal gobernuan. Elorrioarren bizi-kalitatean sakondu nahi dugu. Zerbitzu onak nahi ditugu osasungintzan, zerbitzu onak kirola egiterakoan, zerbitzu onak aisialdian, azpiegiturak egokiak… berdinen arteko gizartea nahi dugu: elorrioarrok merezi dugulako. Aldiz, jakin badakigu, tamalez, Elorrion ere, badirela familiak larri iristen direnak hil bukaerara. Horien bizi-kalitatea ere zaindu behar dugu. Gobernu plana aurkeztu genuen abenduan eta gaur gobernu plan horren hasiera iragarriko dugu aipatutako on-gizarte hori martxan jartzeko”.

Ekimen txiki zein handiagoez osatutako neurrien lehen txanda aurkeztu du Elorrioko Udalak; batzuk aspaldiko arazoei irtenbidea emango diete, beste batzuk herritarren eskaeretako batzuk asetuko dituzte.

Jarraian, gauzatuko diren neurriak:

  1. Udaletxeko atzeko lursaila behin behinean zabaldu gerora prozesu partehartzaile baten menpe uzteko
  2. Berriotxoa kalerako sarbide kontrola ezartzea
  3. ‘AHT’aren aholkularitza juridikoa eta jarraipen batzordea
  4. Liburutegian ‘WiFi’a jartzea
  5. Kirol etxean erabilera anitzeko gela egokitzea
  6. Emakume taldeen dirulaguntza bideratu eta kooordinazioa sendotu
  7. Hezkidetza mahaia mantendu eta indartu
  8. Emakume eskola
  9. Eleizaldeko belar artifiziala aldatzeko esleipena
  10. Udako igerilekuen mantentze beharretarako protokoloa
  11. Rokodromoko erabilerarako hitzarmena sinatzea
  12. Kirol mahaia osatzea
  13. Turismoko web orria
  14. Autokarabana gunea
  15. Elurraren protokoloa
  16. Auzoetako bide garbiketak
  17. Harrera protokoloa