Albisteak

 

2.400 ale egin dira, eta asteazkenetik aurrera izango dira eskuragarri, udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ)

Udalak eskuragarri jarriko du, asteazkenetik aurrera, 2016rako paperezko egutegi berria, eta aurtengo ediziorako Labayru Ikastetxeak iaz aurkeztutako ‘Elorrixoko Berbetia’ liburua izango du oinarri. Herriko nagusienen testigantzak eta garai hartako argazkiak uztartu dituzte aurten, “hizkuntzaren aldetik daukagun ondare hori galdu ez dadin. Egutegi hau aitzakia izan daiteke Elorrioko Toponimia ezagutarazteko”, azaldu du Bittor Uriarte Udaleko Euskara teknikariak.

Nahiz eta joan den astetik jendea galdezka egon izan den, egutegiak asteazkenetik aurrera izango dira eskuragarri Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ). 2.400 ale inprimatu dituzte 2016rako, eta urtetik urtera ale kopurua gorantza dihoala nabarmendu du Uriartek, Idoia Buruaga alkatearekin eta Gotzon Barandiaran idazlearekin batera eginiko aurkezpenean. Aleetako batzuk –400 inguru– herriko elkarte, eskola, ostalari, edota merkatariei banatuko zaie, eta beste guztiak Udaletik igaro nahi duten herritarren artean banatuko dira.

Egutegia atontzerako orduan herriko nagusienen adierazpenak eta antzinako argazkiak uztartu dituzte, eta “uztartze hori nola egin izan da buruhausterik handienak eragin dizkigunak, hitzak eta irudiak batzea eta berauek logika izatea ez baita erraza”, azaldu du euskara teknikariak.

www.elotop.net webgunea, berriztuta

Horrez gain, aurrez aipatutako ‘Elorrioko Toponimia’ liburuan jasotako informazio guztia Internetera irauli egin da www.elotop.net webgunea osatuz. Gotzon Barandiaran webgunearen arduradunaren aburuz, “webgunea kontsultatzen duen elorriarrak eta kanpotarrak altxor preziatu bat aurkituko du. Oso herri gutxi dago Euskal Herrian bere bere ondarea hain modu onean bilduta daukana”.

Internetek pertsona nagusienengan eragin ditzakeen trabei dagokionez, Barandiaranek azaldu du pertsona guztientzako erabilerraza dela, horixe bilatu delako: “Toponimia ikerketa bat astuna izan daiteke batzuetan, baina modu interaktibo eta errazean antolatu dugu webgunea. Internetez tutik ere ez dakienak erraz nabigatuko du. Izan ere, ondarearen transmisioa beharrezkoa da gure herrien historia galdu ez dadin. Ez dena transmititzen galdu egiten da”.

 Egutegia jaitsi (PDF 10MB)