Albisteak

 

“Datozen lau urteotan egingo dugunaren egitasmoa da udal gobernu plana, gure lanaren bizkarrezurra, baina, aldi berean, biharko Elorrioren oinarria izango dena”, adierazi du Idoia Buruaga alkateak.

100 neurriz osatutako Gobernu Plana aurkeztu berri du Elorrioko Udaleko Gobernu Taldeak. “Herriko eragileen, udal-langileen eta herritarren iritziak jasoz egindako 100 neurriak legegintzaldi osora begirako gure bizkarhezurra izango dira”, azaldu du Idoia Buruaga alkateak. Izan ere, neurri horiek gidatuko dute udal gobernuaren norabidea legegintzaldia bukatu arte, nahiz eta ez den gobernu plan itxia izango, momentuan momentuko ekarpenak jasoz.

100 neurri horien artean gizarte-sektore ezberdinei eragingo dizkietenak daude. Gizarte Zerbitzuen berrantolaketa, Eguneko Zentroa Elorrion izatea aztertzea, Elorrioko gremioen zerrenda egitea, herritarren kontseiluaren sorrera, Aldapebeitia jauregiaren erabilera zehazteko prozesu herritarra martxan jarri eta burutzea, herriko elkarte guztien gida sortzea, kirol instalazioen mantentze-beharretarako protokoloa egitea, edota Elizaldeko futbol-zelaiko soropil artifiziala aldatzea dira 100 neurri horietako batzuk.

“Bagenuen oinarri sendoa, hauteskundeetara aurkeztutako gure herri programa. Baina jakin badakigu, Elorrion dugun aniztasuna aberastasuna dela, horregatik herri programaz gain, udal langileekin hitz egin dugu, gizarte eragileekin bildu gara euren kezka eta eskaerak bertatik ezagutu eta jasotzeko, eta horregatik herritarren artean bilera ugari egin ditugu”, gaineratu du.

Balorazio publikoa legegintzaldi bukaeran

Urtarrilaren 1etik aurrera hasiko dira neurrietako batzuk martxan jartzen. Gobernu Planean agertzen diren neurriak bete daitezen, gobernu taldeak aurreikusten du ikuskaritza lanak egingo dituen batzorde bat osatzea herritarren, alderdi politikoen zein eragileen presentziaz. Horrez gain, konpromisoa hartu dute (100. neurria) legegintzaldi bukaeran Gobernu Planaren balorazio publikoa egiteko: “Egitasmo guztiak neurgarriak dira eta neurtu egingo ditugu”, azaldu dute.

Udal ordezkarien arabera, Gobernu Plana balore batzuetan oinarritu da: Partehartzea, gardentasuna, herritar guztienganako arreta eta erabaki estrategiko eta soilagoen arteko nahasketa. Horrez gain, Udaletik eskaintzen diren zerbitzuetan eragingo du eta gizarte politiketan sakontzea izango du helburu.

Aldizkaria, etxe guztietan

Jon Ander Gracia Ogasun zinegotziak aipatu duenez, Gobernu Plana osatzeko planifikazioa ekaina bukaeran hasi zuten. “Ez da dekretuz eginiko egitasmo bilduma eta ez da alderdi politiko zehatz baten gobernu plana, Elorrioko udal gobernuarena baizik. Partehartzean oinarrituta dago: udal langileekin, herriko eragileekin eta herritarrekin, eta herritar guzti-guztientzat zuzendua dago”.

Neurriak zeintzuk diren eta haien zehaztasunak ezagutarazteko, herritarrei 24 orriko aldizkaria helaraziko zaie egunotan.

Gobernu Planaren aldizkaria