Albisteak

 

Igande honetan, abenduaren 13an, Elorriok ‘Down Sindromearen Aldeko Maratoia’ ospatuko du herrian zehar. ‘Denon artean, denontzako kirola’ lelopean, kirol ekintza ezberdinak burutuko dira, eta 600 pertsona inguruk parte har dezatela aurreikusi dute antolatzaileek.

Ekimena Elorrio Rugby Taldeak eta Euskal Herriko Down Sindromearen Fundazioak antolatu dute, eta goizeko 9:30ean hasiko da, kiroldegian egingo duten Spinning ariketekin batera. 11:00ak arte, nahi duen orok parte hartu ahal izango du ziklismo modalitate horretan. 11:00etatik aurrera, berriz, jarduerak herriko bi toki ezberdinetan ospatuko dira. Alde batetik, plaza alboko parkinean Rugby Tag ariketak egingo dira 12:30ak arte. Rugby modalitate horretan ez dago kontaktu fisikorik.

Ordutegi berean, kiroldegian ‘JumpFit’aren txanda izango da, non partehartzaileek aerobicaren antzeko dantza-mugimenduak egin beharko dituzten ohe elastikoen gainean. Bukatu bezain laister, 12:30ean, egunaren aurkezpena egingo da herriko plazan, eta jarraian, hala nahi duenak, Zumba ikastaroan parte hartu ahal izango du. Euria eginez gero, jarduera guztiak kiroldegian egitea aurreikusi dute.

Eskumuturrekoak, salgai

Ekimenetan laguntzeko modua salgai jarriko diren pultseren bitartez izango da. Rugby Tag-erako pultserek 2 euro balioko dute, eta gainontzeko jardueretakoek 5 euro. Pultserak Elorrioko kiroldegian, Parra Tabernan, fundazioaren webgunean eta egunean bertan jarriko dira salgai. Eskumuturreko bakoitzak jarduera batean parte hartzeko aukera emango du.

Elorrioko udaletxean eginiko aurkezpen ekitaldian Idoia Buruaga Elorrioko alkateak, Dani Palacios kirol zinegotziak, Oscar Seoane Euskal Herriko Down Sindromearen Fundazioko presidenteak, Mikel Jauregi eta Unax Lopez fundazioko kideak eta Alex Lopez, Unax Lopezen aitak, parte hartu dute.

Idoia Buruaga Elorrioko alkatearen iritziz, “Elorrio betidanik izan da herri solidarioa, non herritar guztiok hartu izan dugun konpromisoa igande honetan ospatuko den ekimenaren antzekoekin. Udaletik animatu nahi zaituztegu ekimen honetan parte hartzera”.

1.200 kide fundazioan

Minusbaliotasuna daukaten 380 kide daude fundazioan, eta horien familiak kontuak hartuz, 1.200 pertsona inguru mugitzen dira haren inguruan. Igandean familiak Elorriora hurbiltzea errazteko, bertan behera utzi dituzte asteburu honetarako aurreikusita zituzten ekintzak.

Seoanek, fundazioko presidenteak, nabarmendu nahi izan du “Elorriotik horrelako ekimena aurkeztu zigutenean ez genuela eskerrak ematea besterik egin ahal izan. Ekimen solidarioa izatetik haratago, minusbaliotasuna duten pertsonak protagonista izatea bilatu dugu. Beti pentsatu dugu minusbaliotasuna duten pertsonek ezin dutela kirolik egin, eta guztiz oker gabiltza. Igande honetan egingo diren kirol guztiak egingarriak dira pertsona guztiontzat”.

Unax Lopezen aita den Alex Lopezek nabarmendu du Elorrioko Udalak eta herritar guztiek beti egin dutela lan kausa horien inguruan: “Aita moduan, beti sentitu izan naiz babestua, eta Elorrioko herria beti egon izan da minusbaliotasuna dutenen aldeko ekintzen alde. Hori beti da eskertzekoa”.