Albisteak

 

Aurreko urteetan legez, aurten ere Buzkantza Jaia ospatuko da Elorrion abenduak 6, 7 eta 8a bitartean. ‘Elorrioko Buzkantza zazpi libra eta bost ontza’ lelopean, Odoloste Txapelketa eta Odoloste Pintxo Txapelketa antolatu dituzte herriko hainbat komertzio eta tabernatan. Elorrioko Udalak, EME Elorrioko Merkatari Elkarteak eta Eroskik elkarlanean eginiko ekimenak iraganean Elorrioko herritarrek buzkantza egiteko zeukaten ohitura berpiztea du helburu. 

Odoloste Txapelketari dagokionez, abenduaren 6ean, 12:00etatik 14:30era, epaimahaiak aukeratutako lau odoloste finalistak dastatu ahal izango dira. Epaimahaia Zornotzako Jauregibarria jatetxeko Beñat Ormaetxeak, Saltsan Katerineko Iñaki Uribek, Durangoko Kobika jatetxeko Iñigo Kortabitartek, Atxondoko Akebaso jatetxeko Iñigo Fuertesek eta Elorrioko Narru jatetxeko Juan Ranillak osatuko dute. Odoloste finalistak dastatu ahal izateko kupoiak salgai jarriko dira, egunean bertan, bost euroko prezioan (lau pintxo odoloste eta ardoa edo ura). Bozka emateko aukera izango da 14:30ak arte, eta bozka ematen dutenen artean EMEk eta Eroskik oparitutako erosketa-kupoia zozketatuko da.

Odoloste Pintxo Txapelketari dagokionez, abenduak 6tik 8ra artean ospatuko da, herriko hainbat jatetxe eta tabernatan. Pintxoa euro baten truke jarriko da salgai, eta horien dastaketa eta bozkaketa establezimendu partehartzaileetan bertan egingo da. Bozka emateko epea abenduaren 8an bukatuko da, 13:30ean.

Odoloste txapelketez gain, asteburuan zehar bi azoka ezberdin egingo dira plazako frontoian. Alde batetik, abenduak 6an EMEk antolatutako ‘Elorrioko Dendak Erakusgai’ azoka ospatuko da egun osoan zehar. Abenduak 8an, berriz, ‘Ekoizle eta Artisauen Azoka’ ospatuko da goiz osoan zehar.