Albisteak

 

Duela urte batzuetatik hona Elorrioko Ferixa Nausikoetan Jai Gunearen inguruan sortu den eztabaidari dagokionez, Elorrioko Udalak horren inguruan arituko den batzorde bat sortuko du lehen aldiz. Lan-talde horretan Udal Taldea, kaltetutako bizilagunak, Jai Batzordea, Txosna Batzordea eta gainontzeko alderdi politikoak arituko dira. Lehen aldia da gai honekiko egon daitezkeen iritzi ezberdinak jaso eta aztertuko dituen batzordea sortzen dela.

Udal taldeak ulertzen ditu Ferixa Nausikoetan Jai Gunearen inguruan bizi direnek pairatzen dituzten enbarazu eta trabak. Hori dela eta, eta ikusita Udal Gobernuan aldaketa gertatu zenetik ez zegoela benetako eztabaida serio bat egiteko astirik, Elorrioko Udalak behin behineko neurriak eskaini zizkien kaltetutako bizilagunei. Ziurtatu zitzaien, behin jaiak igaro eta gero, batzorde bat sortuko zela hurrengo edizioetan zein neurri hartuko diren zehazteko.

Iragandako Ferixa Nausikoetan hartutako behin behineko neurriekiko, Udalak balorazio baikorra egiten du, nahiz eta jakin ez direla nahikoak. Barrakak inoiz baino denbora gutxiagoz egon dira eta ordutegi zorrotzago bat izan dute. Txosnaguneari dagokionez, ordutegi zorrotzagoa izan dute.

Idoia Buruaga alkatearen iritziz, “Udal-taldeak prozesuarekiko balorazio positiboa egiten du. Badakigu bizilagunek eskasegiak ikusten dituztela iragan diren jaietarako hartutako neurriak, baina Gobernura heldutakoan behin behineko neurri horiek eskaini ahal izan genituen. Denbora gutxi geratzen zitzaigun Ferixa Nausikoak heltzeko, eta denbora tarte horretan ezinezkoa zen alde guztiak batuko zituen ganorazko eztabaida-mahai bat antolatzea. Horrela ezinezkoa zen behin betiko neurriak hartzea. Hartutako neurriei dagokionez, uste dugu baikorrak izan direla hein batean, beraz horien inguruko iritzi ezberdinak jasoko dituen batzorde bat antolatzeko konpromisoa hartzen dugu. Batzorde horretan herritarrak eta eragile ezberdinak bilduko ditugu eta haiekin batera neurriak aztertuko ditugu”.