Albisteak

 

Elorrioko hainbat herritarren egoera ekonomiko latza neurri batean leundu asmoz, Elorrioko Elikagaien Bankuaren aldeko hitzarmena luzatu dugu Elorrioko Udaletik, orain arte bidelagun izandako Eroski Fundazioarekin eta Kainabera GKErekin batera.

Akordio berriak 2017ko urtarrilaren 31ra arte iraungo du, betiere egoerak bere horretan dirauen artean. Elorrioko udaletxean izandako sinaketa-ekitaldian Idoia Buruaga Elorrioko alkatea eta Xabier Dominguez Gizarte Arloko zinegotzia, Alejandro Martinez Eroski Fundazioko zuzendari orokorra eta Isabel Novoa eta Itziar Cacho Kainaberako kideak izan dira.

Elorrioko Udala

2014ean ekimena abian jarri zenetik gaur arte, hilabetero, batez beste zazpi bat familiari eman zaie laguntza. Kopurua bere horretan mantentzen den heinean, laguntza jasotzen duten familiak aldatuz doaz. Udalaren iritziz, horrek argi uzten du Elorrion badirela benetako eta oinarrizko beharrizanak dituzten hainbat herrikide.

Zentzu horretan, Udaletik ezinbestekotzat jo dugu Elorrioko Elikagai Bankuaren lana bermatzea, zoritxarrez gure herrian dugun errealitate gordin honi laguntza izpi bat eskaintzeko asmoarekin.

Egoera honen aurrean, Udaletik ekimen pribatua, publikoa eta herri-ekimena uztartuta, Elorrioko Elikagaien Bankua babestea dagokigu.

Bukatzeko, Eroski Fundazioari eta Kainabera GKEri gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu, izan ere, ezinbestekoak baititugu herri-zerbitzu hau eskaini ahal izateko.

Kainabera

Bere aldetik, Isabel Novoa Kainaberako kideak baieztatu du Gobernuz Kanpoko Erakundea hemendik aurrera elkarlanean jarraitzeko prest dagoela: “Elorrioko familiekin lankidetza beharra ikusi zenean, zalantza barik proiektuan parte hartzea pentsatu genuen”.

“Espero dugu familien egoera apurka-apurka hobetzen joatea, eta hitzarmen hau berriro berriztu beharrik ez egotea. Bitartean lanean jardungo dugu”, nabarmendu du Novoak.

Eroski Fundazioa

Azkenik, Eroski Fundazioko Alejandro Martinez ordezkariak adierazi du Elorrioko Elikagai Bankua “tresna baliagarria” dela “bizi dugun egoera ekonomiko zailak kaltetu dituen Elorrioko familiak eta herritarrak laguntzeko”.

“Elorrioko Udalaren, Eroski Fundazioaren eta Kainabera elkartearen arteko lankidetzak bermatzen du programa honen laguntza duten pertsonek jasotzen dituztela behar dituzten produktuak”, gaineratu du Martinezek.