Albisteak

 

Datorren maiatzaren 17an Homofobiaren eta Transfobiaren kontrako Nazioarteko Eguna ospatzen da, eta kausa horri bere laguntza emateko, Elorrioko Udalak LGBTI erkidegoaren berdintasun eskubideen defentsaren aldeko adierazpen instituzionala egin du.

Ekimen horren bitartez, Udala herritar guztiengana zuzendu gura da, sexu askatasuna eta aniztasuna onar dezaten, arrunta izan dadin eta agerian egon dadin. Ana Otadui Elorrioko alkateak adierazi duen bezala, “oso inplikatuta gaude herritar guztien eskubideetan eman beharreko aurrerapausoekin, eta pertsonen sexu nortasunaren eta orientazioaren kontra egunero ematen diren gehiegikeriei amaiera ematearekin”.

Elorrioko Udalak LGBTI erkidegoaren kontrako indarkeria eta bazterketa modu guztiak gaitzesten eta salatzen ditu, eta lege eta administrazio aldetik, eta beste alor guztietan, justizia administrazioaren edozein mailatan sexu orientazioan edo genero nortasunean oinarritutako tratu baztertzailea debekatzeko eta desagerrarazteko hartu beharreko neurriak hartzeko eskaria egin du.

Adierazpenean, pertsonen sexu orientazioaren edo genero nortasunaren ondorioz bazterketa, atxiloketa eta zigorra eragin dezaketen lege guztiak indarrik gabe uzteko, eta sexu bereko pertsonekin baimendutako sexu harremanak, egiazkoak edo sumatutakoak, izateagatik atxilotuta edo zigortuta dauden pertsona guztien berehalako askatasuna ere eskatzen da.

Halaber, eskaria egiten da sexu orientazioan edo genero nortasunean oinarritutako giza eskubideen zapalkuntzei buruzko salaketa eta txosten guztiak ikertzeko, zuzen eta azkar, eta zapalkuntza horien egileak epaitegien aurrean eramateko, eta, aldi berean, pertsona guztien sexu aniztasunari eta giza eskubideei buruzko prestakuntza emateko polizia, komunikabide, osasun eta irakaskuntza alorretako profesional guztiei. Horrez gain, ikasketen programa ofizialetan sartzea be eskatzen da.

Beste alde batetik, adierazpen horrek beste eskari bat be egiten du: sexu orientazioa edo genero nortasuna, egiazkoak edo sumatutakoak, Estatu guztiek, “gorrotoarengatiko krimena” eragin dezaketen ezaugarri babestu gisa onartzea, giza eskubideak defendatzen dituztenek jasaten duten jazarpenari amaiera ematea, eta sexu orientazioarekin edo genero nortasunarekin erlazionatutako giza eskubideen alde lan egiteagatik arrisku egoeran dauden pertsonei beharrezkoa den babesa bermatzea.

Akordio instituzional hori Kamerungo, Hego Afrikako, Turkiako, Bulgariako eta Bielorrusiako gobernuei bidali zaie, Espainian eta Frantzian (Paris) dituzten Enbaxaden bitartez, herrialde horietan sexu eta genero askatasunaren eta aniztasunaren kontra egindako gehiegikeria guztiak salatzeko.