Albisteak

 

Elorrioko Udalak Elizaldeko kirol gunera joateko bidea zabalduko du, horretarako beharrezkoak diren lurrak lagatzeko sinatu den hitzarmenari esker.
 
Sinatutako akordioak hirigintza izaera du, eta lur-lerro baten lagapena ezartzen du. Zehatzago esanez, sektorizatu gabeko “San Bizente-Zabaleta” S.G.L.U. 01 lurzoru urbanizagarriko eremuaren barruan dauden katastroko hiru lur-sail dira.

Sarbide berri horri esker, aire zabaleko kirol igerilekuek eta Elizaldeko futbol zelaiak sartzeko eta irteteko bide zabalagoa izango dute, erabilera publikoko gune horien erabiltzaileen joan-etorriak errazteko.

Joseba Mujika herriko jarduneko alkateak adierazi duenez, “iaz aire zabaleko udal igerilekuek 22.700 sarrera baino gehiago izan zituzten. Datu hori ikusita Elizaldeko kirol espazioaren aldeko apustuarekin jarraituko dugu, bertara joateko bidea zabaltzea bezalako hobekuntzekin”.