Albisteak

 

Elorrioko Udaleko Gobernu Batzordeak, Herritarren Arretarako Zerbitzuaren (HAZ-SAC) bulego berriaren lanak esleitu ditu 140.092,25 euroren truke, hau da, lizitazioaren zenbatekoa baino %25 gutxiagoren truke.

Construcciones Zamakoa enpresa izan da HAZ-SAC zerbitzuaren bulegoa jasotzeko Udaletxeko beheko solairuan egin behar diren zaharberritze lanen esleipena lortu duena. Lanak egiteko gehieneko epea 3 hilabetekoa izango da, eta datozen asteetan hasiko dira.

Zerbitzu berri horiekin, herritarrei euren eskarien kudeaketa erraztea bilatzen da, une honetan Elorrioko Udalak eskaintzen duen zerbitzua hobetuz. Horrela, Joseba Mujika herriko Alkateordeak hau adierazi du: “HAZ-SAC egituratzeko proiektua amaierara hurbiltzen ari da, eta hilabete gutxi barru zerbitzu hori errealitatea izango da elorriar guztientzat”.

Leku gehiago igerileku ludikoetan

Beste alde batetik, Elorrioko Udalak aurrera jarraitzen du joan den udan jendearentzat zabaldu ziren aire zabaleko igerilekuen proiektuarekin. Horrela, instalazioak hobetzeko asmoz, Gobernu Batzordeak gune ludiko hori zabaltzeko bi lan esleitu ditu. Bi lan horiek 14.200 euroko kostua izango dute.

Cengotita enpresa izango da ereite eta landatze lanen arduraduna, 1.000m2 inguruko aisia gune berria sortu ahal izateko. Gune berri hori tortsio sareta bitartez ixteko lanak, berriz, Soldaketak Elorrio enpresak egingo ditu.