Albisteak

 

Elorrioko Udalak, 7.723.139,20 €-koak izango diren 2015eko aurrekontuak onetsi zituen atzo, maiatzetik aurrera eramandako partaidetza prozesuaren ostean. Pertsonei begira, Gizarte Ekintza eta Enplegu alorreko diru-atalen bitartez, Udalak garrantzia eman die Gazteria eta Turismo sailei. Horrela, sartu diren diru-atalen artean, 63.251 €-ko Gaztelekukoa, 50.000 €-ko skateparkekoa edo Turismoari buruzko Tokiko Jardunaldien 79.500 €-koa azpimarratu behar dira. Horrez gain, kontuan hartutako beste gai batzuk hauek dira: estali bako igerilekuak zabaltzea, 30.000 €; 8 asteburuz kirola kalera eramateko eta bizikletaz egin daitezkeen ibilbideak eratzeko Elorrio Aktibo programa (14.500 €); eta Elorrioko ikasleek euren ikasteko guneetara egin behar dituzten joan-etorrietarako 5.000 €-ko laguntzak, besteak beste. 

Elorrioko Udalaren 2015eko aurrekontuaren ildo nagusiak hauek dira:

  1. Finantza-iraunkortasuna ziurtatzea diru-sarreren aurrekontuan oinarrituta.
  2. Gizarte-babeserako politikak finkatzea.
  3. Genero ikuspegiko politikak finkatzea.
  4. Behar-beharrezkoak diren udal zerbitzuen efizientzia bermatzea.
  5. Zor finantzarioaren murrizketa areagotzea.
  6. Herritarren partehartze prozesu eta administrazio-teknologia berriak ezartzea.

Diru-sarrerak eta gastuak

Diru-sarrera ez finantzarioetarako aurrekontuan %3,49ko igoera aurreikusi da 2014. urteko aurrekontuarekin alderatuta. Sarrera arruntak %11,09 haziko dira, higiezinen jardueratik jasotzen diren sarrerek behera egingo dutela aurreikusi bada ere. 2015. ekitaldirako prestatutako aurrekontu proiektua Elorrioko Udala finantza egonkortasun egoera dagoela erakusten duen froga da.  Gastuari eusteko eta arrazionalizatzeko aurrera eramandako prozesuaren ondoren, 2015. ekitaldira begira gastuan hazkunde txikia ikusten da, eta horrek udalerria modernizatzen hastea ahalbidetzen du. Aurrekontu honek Elorrio baldintza ezin hobean jartzen du ekonomiaren hazkundea eta enplegua ahalbidetuko duten adierazle ekonomikoetan oinarrituta krisitik ateratzeko unea aprobetxatzeko.  Udal zerbitzu publikoak modu eraginkorrean eskaintzeak, horrek dakarren gastu arruntaren murrizketarekin, ekintzailetzarako aproposa den eszenatokia sortzen du ekonomiaren biziberritzea errazteko eta enplegua berreskuratzen hasteko.

2015. urterako inbertsio hauek aurreikusten dira:

  • Aldapebeitia Jauregiko teilatua berritzeko eta indartzeko obrak, zenbatekoa 335.000,00€.
  • Gazteentzat gune bat (gazteleku) bideratzea, zenbatekoa 63.251,53€
  • Bainu publiko mugikorrak, zenbatekoa 51.000,00€.
  • Skate pista eraikitzea, zenbatekoa 50.000,00€.
  • Argiñetako baselizaren teilatua, 50.000,00€. (Transferentzia).
  • Landa bideetan inbertsioak, 35.000,00€
  • Hiri altzariak, 30.000,00 €
  • Natur bideak, 20.000,00€
  • AKAn sarrera eta komunak elbarrientzat, 18.057,86€.
  • Auzoak bizirik, 15.000,00€

Udalak, orain arte EMEri emandako diru-laguntzarekin jarraitzeaz gain eta “Elorrixon dendarik denda” kanpainaren arrakasta ikusi eta gero, 10.000,00 € aurreikusi ditu dagokion diru-atalean herri mailako merkataritza bultzatzeko. Horrez gain, turismoa sustatzeko eta udalerriko ondare pribilegiatu materiala eta inmateriala zaintzeko diru-atalak ere handitu egingo dira. 

Gizarte ekintzari zuzendutako diru-atalei eutsi egiten zaie. Aurrekontuan helburu horrekin aurreikusi den zenbatekoa 158.967,69 eurokoa da, eta kopuru horren barruan 6.000,00 € aurreikusi dira gobernu talde honek legegintzaldi honetan bigarrenez bultzatu duen jantoki sozialaren proiektuari eusteko. Bide horretatik, hitzarmena sinatu da Eroskirekin herri mailako elikagaien bankua sortzeko, premia handiena dutenei laguntzeko.

Kirolaren, eta batez ere, Elorrion epe luzeko proiektua finkatzearen, aldeko apustuarekin jarraitzen da. Horregatik, onartutako plan estrategikoak aurreikusten dituen asmoak aurrera eramaten jarraituko da, Eskola Kirola proiektua finkatuz, eta hainbat egitasmotan Elorrioko kirol taldeekin batera lan eginez.